AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/07/15 20:40

Aurrera doa 2022ko Gazte Topagune Sozialista, eta gaur, hirugarren egunean, eman diete hasiera aurtengo ediziorako prestatutako hitzaldiei. Oraingoan ere koiuntura ekonomiko eta politikoaz, estrategia komunistaz, borroka ideologiko eta kulturalaz nahiz internazionalismoaz hausnartzea izan dute helburu Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek, eta horretarako, lau saio prestatu dituzte guztira. Gaur goizean, hain zuzen, saio horietako bi izan dira Sutegian, San Agustin aretoan eta San Antonion: Borroka ideologikoa eta kulturala. Komunismoa hegemoniko bilakatzeko bideak eta Espazio sare sozialista. Teorian eta praktikan.

Espazio sare sozialistari buruzko saioan, espazioei lotutako borrokek prozesu sozialista zein modutan elikatu dezaketen landu dute, eta kontzeptuen argipen bat ere egin dute; besteak beste, Langile Kontrolpeko Espazioak kontzeptua xehatu dute. Borroka ideologikoari eta kulturalari buruzko hitzaldian, berriz, komunikabideek, arteak eta musikak sistema kapitalistan betetzen dituzten funtzioen inguruan aritu dira, baita komunismoa hegemoniko bilakatzeko bidean bete beharko lituzketen funtzio politikoei buruz ere.

Goizeko hitzaldien eta bazkaltzeko tartearen ostean, zenbait diziplina lantzeko tailerrak egin dituzte Durangoko hainbat gunetan. Aurten, kick boxing, mekanika, zinema, antzerkia, segurtasun juridikoa eta segurtasun informatikoa lantzeko aukera izan da tailerretan. Horren ondoren, 18:30ean, bertso-trama eskaini dute Sutegian lau bertsolarik: Txaber Altubek, Aroa Arrizubietak, Lurdes Ondarok eta Aitor Tatiegik. 19:30ean hasita, bestalde, Soinu Beltzak DJek girotu dute Sutegia.

Gauean, berriz, kirolaz nahiz musikaz gozatzeko aukera egongo da Gune Nagusian eta Sutegian. Boxeo eta K1 ikuskizuna izango da batean, eta Pinpilinpussies taldearen kontzertua eta rap showcase saio bat bestean.

Ekitaldi politiko nagusia, bihar

Bihar iritsiko da puntu gorenera Gazte Topagune Sozialista. Gaur bezala, hausnarketa politikorako bi saio izango dira goizean. Koiuntura ekonomiko-politikoa eta estrategia komunista. Hainbat tesi politiko hitzaldia egingo dute batetik, Gune Nagusian, eta Mugimendu Sozialista nazioartean. Internazionalismoaren tesiak eta haustura prozesuak mahai-ingurua bestetik, leku berdinean.

Bertaratutako guztiek elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute gero, eta 18:00etan, Topaguneko ekitaldi politiko nagusia egingo dute Landako Gunean.

19:00etan, berriz, kontzertuak hasiko dira Sutegian zein Gune Nagusian. Rodeo taldea arituko da Gune Nagusian, baita Ziakhus & Durum Solo Karne taldea, Hoke & Louis Amoeba rap abeslariak eta J Martina taldea ere; kontzertu berezia izango da J Martinarena, hain justu. Sutegian Siroko, Lemak, Konorte eta Igitaia taldeak izango dira.

Ikusi Gazte Topagune Sozialistaren jarraipen berezia GEDAR LANGILE KAZETAren Twitter kontuan (@GedarLangileKZ)

Ikusi hemen Gazte Topagune Sozialistaren egitaraua, osorik

EZ DAGO IRUZKINIK