AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/29 15:18

Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Abertzaleakek (IA) antolatuta, Altsasun (Nafarroa) ari da izaten aurtengo Gazte Topagune Sozialista. Euskal Herriko milaka gazte bertaratu dira edizio honetan ere, hiru eguneko egitarauan parte hartzeko. Atzo eman zioten hasiera 2024ko Topaguneari, eta, aurreko urteetan bezala, hamaika auzi lantzeko hitzaldiak dira nagusi. Askotariko ikuskizunak eta ekintzak ere prestatu dituzte, gonbidatu ugariren eskutik.

Aurten ere, Dantzalekuko igerilekuetan kanpatu du jende andanak. Gaua Altsasun egin ostean, goizean goiz jarri dira martxan, Topagunearen bigarren egunari hasiera emateko. 09:00etan ekin diote 5x5 futbito txapelketari, Zelandi kiroldegian. Beranduago, 10:00etan hasita, GEDAR LANGILE KAZETAren Belarrijana podcastaren saio bat grabatu dute jendaurrean, Sutegian.

Aktualitate politikoa aztergai eta Palestina gogoan

Atzo arratsaldeko hitzaldietan Europako krisi ekonomikoaz, gazte- eta ikasle-mugimenduen historiaz, emakumeen esplotazioaz edota euskal literaturaz jardun ondoren, aktualitate politikoari buruzko solasaldi bat izan da gaurkoan erdigunera eraman dutena. Goizeko 11:30ean egin dute uneko koiuntura aztertzeko saioa, Gune Nagusian, Dantzalekuko igerilekuen ondoan.

Solasaldia bukatu eta segidan, palestinarrei, libanoarrei eta bertako erresistentziari babesa emateko elkartasun-argazki bat atera dute Gune Nagusian bertan. Ondoko aldarria egin du jendetzak: Israel terrorista. Elkartasuna Palestina eta Libanoko herri langileekin.

Aisialdiko eskaintza zabala, gonbidatu ugarirekin

Arratsaldean, herriko hainbat gunetan gozatu ahal izan da hainbat ikuskizunez: pilota saioak egin dituzte Burunda frontoian, Iagomagok magia ikusizun bat eskaini du Sutegian, zenbait suhiltzailek erakustaldi bat egin dute Iortia inguruan, eta reggae musikarekin girotu dute Sutegia Jamaiketako! saioan. Gainera, goizean hasitako futbito txapelketaren finala jokatu dute frontoian iluntzean, ikusmin handiarekin.

Gauean ere egongo da zer ikusia eta zer entzuna. Asier K eta Antton Telleriak umore ikuskizun berri bat egingo dute Sutegian, Hondamendia izenekoa, eta hainbat musika emanaldi ere izango dira Gune Nagusian. Desgaraian eta Eñaut Elorrieta elkarrekin arituko dira oholtzan, eta Ibil Bedi taldeak ere eman du kontzertua.

Bihar: Mugimendu Sozialistaren erronkez, eta gerra eta faxismoaren kontra

Topagunearen hirugarren eta azken eguna izango da bihar, larunbata, eta ekimen indartsuak egongo dira egunean zehar. Mahai-inguru bat antolatu dute eguna hasteko, 11:00etan, Gune Nagusian: aurreko edizio batzuetan egin bezala, Mugimendu Sozialistaren erronka nagusiez hitz egingo dute bertan.

Zelandi kiroldegian izango da bazkari handi bat horren ondoren, eta aldarriak kalera aterako dituzte arratsaldean. 17:30ean Altsasuko Foruen Plazatik abiatuta, manifestazio batera joko dute gazteek: gerraren eta faxismoaren kontra, gazteak sozialismora batzeko deia zabalduko dute.

Musika eskaintza zabala gauean

Larunbat gauean, berriz, musika talde ugarik hartuko dute parte Topagunean. Muxutruk erromeriak Sutegian eskainiko du kontzertua, baina Gune Nagusian izango dira gainerako emanaldi guztiak: bertan egongo dira Gozzue, Nakar, Bris, Calié eta Mateo Zikuta, TOC, Jaloner, Kaparrak, Tatxers, Kalipotxo, J Martina eta Malakias MX3 proiektuko kideak. Horrekin amaituko da aurtengo Topagunea.

EZ DAGO IRUZKINIK