Dagoeneko hamahiru urte igaro dira Ertzaintzak Iñigo Cabacas erail zuenetik, 28 urte besterik ez zituenean. 2012ko apirilaren 5ean, Athletic eta Schalke 04 futbol-taldeek Bilboko (Bizkaia) San Mamesen indarrak neurtu ostean, Ertzaintzak modu bortitzean kargatu zuen kalean ospakizun betean zegoen jendearen aurka, Indautxu auzoan. Bertan zegoen Iñigo ere, Kirruli taberna inguruan, eta ertzainek gomazko pilota batekin eman zioten buruan. Gauerdian ospitaleratu zuten, burezurra hautsirik zuela eta garunean lesio larriak zituela. Handik lau egunera hil zen ospitalean, 2012ko apirilaren 9an.
Gerora argitara atera zen Ertzaintzako buru batek, gau hartan, agenteei emandako aginduen audio-grabazioa: "Aginduak errepikatzen dizkizut argi eta garbi gera daitezen [...] Sartu kalezulora daukagun guztiarekin, sartu herrikora". Ondorengo autopsiek argi eta garbi frogatu zuten, gainera, Iñigo gomazko pilotakada batez erail zutela. Dena den, 2016ra arte ez zen hasi hilketari buruzko epaiketa.
Ertzain bakarra kondenatu zuten, eta ez zen kartzelara joan behar izan
Sei ertzain epaitu zituzten arren (ofiziala, bi furgonetatako azpiofizialak eta beste hiru agente), bost absolbitu egin zituzten eta ofiziala bakarrik kondenatu zuten Iñigoren erailketagatik, 2018an jakinarazi zutenez. Zigortuari (Juan Jose de Pablo), jadanik erretiroa hartuta zegoena, bi urteko espetxe-zigorra eta lau urteko inhabilitazioa baino ez zizkion ezarri Bizkaiko Auzitegiak; eta Auzitegi Gorenak atzera bota zituen gero Cabacasen senideek aurkeztutako helegiteak. Gainera, Bizkaiko Auzitegiak segituan utzi zuen bertan behera de Pablori jarritako kartzela-zigorra, eta ez zuen kondena espetxean bete behar izan.
Bai Auzitegi Gorenak bai Bizkaiko Auzitegiak aitortu zuten eskasa izan zela Iñigoren hilketa argitzeko ikerketa. Apirilaren 5eko tiroketaren ostean, ertzainek azkar gorde zituzten erabilitako armak: "zauritutako pertsona bat zegoela jakinda ere", ez zuten identifikatu nork erabili zituen arma horiek, Bizkaiko Auzitegiak seinalatu zuenez. Armak "berehala garbitu" zituztela ere esan zuen auzitegiak.
Eusko Jaurlaritza, Ertzaintzaren alde
Ohi bezala, Eusko Jaurlaritzak Ertzaintza defendatu zuen: Rodolfo Ares sailburuak adierazi zuen beharbada istripu bat izan zela Iñigoren erailketa, baina horrek ezin zuela Ertzaintzaren jarduna zalantzan jarri. Jaurlaritzak, bere bertsio ofizialean, azpimarratu zuen Kirruli inguruan izandako istilu batzuen ondorioz esku hartu zutela ertzainek apirilaren 5eko gau hartan, baina lekukoek gezurtatu egin zuten hori, azaldu baitzuten Poliziak kargatu zuenean ez zegoela liskarrik kalean.
Sei ertzainen aurkako auzi judizialaz gain, haiei buruzko beste ikerketa bat ere egon zen martxan interbentzio polizial hori zela-eta: Ertzaintzaren barne-ikerketa. 2021eko apirilean jakinarazi zuten, baina, ia erabat artxibatu zutela ikerketa hori. Josu Erkoreka sailburuak esan zuen auzitegietan zigortutako ertzainburuari ezin zitzaiola ardura diziplinariorik eskatu, jada ez zelako ertzaina, eta berdina gertatzen zela beste lau ertzainekin, inhabilitatuta zeudelako ordurako. Beraz, agente bakarraren inguruko ikerketa mantendu zuen, baina hura nolabait errugabetuz: Erkorekaren hitzetan, ertzain horrek "bere gainetik zeuden agintarien aginduak bete" zituen, "ez besterik".
Ertzaintzaren biolentziari buruzko eztabaida
Iñigoren heriotzaren erailketa, hain zuzen ere, Ertzaintzak Athleticeko jarraitzaileen kontra erabiltzen duen biolentziari buruzko eztabaida bizi-bizi dagoen momentu batean heldu da: ertzainek berriz kargatu zuten zaleen aurka martxoaren erdialdean (zauritutako bi pertsonaren lekukotzak jaso genituen) eta etengabeak dira errepresio kasuak.
Gainera, Iñigoren hilketaren ondoren gomazko piloten erabilera mugatu bazuten ere, gaur egun foam jaurtigaiak erabiltzen ditu Ertzaintzak batez ere, baina berdin zauritzen eta mutilatzen dute arma horiek: pertsona batek aurreko astean bertan galdu zuen barrabil bat ertzainek foam jaurtigai batekin jo zutelako, Etxarri II Gaztetxearen defentsa zapaltzeko kargetan; oraintsu deklaratu du Donostian (Gipuzkoa) Amaia Zabartek, iaz Ertzaintzak foam jaurtigai batekin buruan eman ziolako; eta, iazko Inauterietan, Tolosan (Gipuzkoa), gutxienez hiru gazte zauritu zituzten ertzainek arma horiekin, kalean zegoen jendearen kontra oldartzean.