AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/11/14 15:04

Azaroaren 17an eta 18an hamabost lagunek deklaratu beharko dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, Ibai Aginaga preso politiko ohiaren Berangoko (Bizkaia) harreran parte hartu zutelakoan. Hala jakinarazi dute auzipetuek, adierazpen baten bidez. Gogorarazi dute, gainera, guztira hemezortzi lagun auzipetu dituztela harrera horren harira, abuztuan beste hiru pertsona deitu baitzituzten deklaratzera.

"Sumario horren nondik norakoak norbanakoen aurkako eraso judizial bat baino askoz ere urrunago doaz. Ertzaintzaren, Espainiako Poliziaren eta, batez ere, Guardia Zibilaren txostenetan, militantzia eta antolakunde politiko ezberdinen aurkako jazarpena antzeman daiteke", seinalatu dute auzipetuek. "Jarraipenak eta antolakunde politikoen gaineko kontrola agerian gelditzen dira aipatutako txostenetan, baita horiek legez kanpo uzteko makrosumario baten sorreraren aztarnak ere", ohartarazi dute.

"Eskubide oinarrizkoenak dira jokoan daudenak, hala nola biltzeko, antolatzeko, adierazpenerako eta mobilizatzeko eskubideak. Errepresioak ez du helburu indibiduala, kolektiboa baizik, eta nahi eta nahi ez horri eman beharreko erantzunak ere kolektiboa izan behar du", gaineratu dute adierazpenean: "Askatasun politikoaren defentsa egitearen beharra azpimarratu nahi dugu".

Auzi horren harira martxan jarriko dituzten ekimenetan parte hartzera deitu dute, beraz. Momentuz, hitzordu bat jarri dute: agerraldi bat egingo dute Berangon datorren larunbatean, azaroaren 19an, eta bertaratzeko deia egin dute. 12:00etan izango da.

Joan den martxoan geratu zen aske Ibai Aginaga berangarra, hemezortzi urte eta erdi preso egin ostean. Bere jaioterrian harrera bat egin zioten martxoaren 13an, eta ekitaldia ikertzeko eginbideak ireki zituen gero Espainiako Auzitegi Nazionalak, Vox alderdiaren eta Villacisneros fundazioaren salaketa bat zela-eta.

EZ DAGO IRUZKINIK