AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/24 09:41

Ibai Aginaga preso politiko ohiari Berangon (Bizkaia) egindako harrera ikertzeko eginbideak ireki ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Martxoaren 13an geratu zen aske, ia hogei urteko espetxealdiko azkeneko aldia Basauriko (Bizkaia) kartzelan egin ostean. Hala, ongietorri ekitaldi bat izan zen egun horretako eguerdian bere jaioterrian.

Ekitaldia zela-eta salaketa bat aurkeztu zuten Vox alderdiak eta Villacisneros fundazioak, eta horren harira ekin dio ikerketari Auzitegi Nazionalak. Oraingoz hiru pertsona auzipetu ditu Ismael Moreno magistratuak, eta ongietorriaren antolaketarekin lotura izatea egozten die. Kandaru kultur elkartea ere aipatu du auzitegiak, harrera egin zen frontoia erabiltzeko baimena eman zuelakoan.

Auzitegiak informazioa eskatu die, besteak beste, Berangoko Udalari, Ertzaintzari, Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzari. Antza, ekitaldira deitzeko pankartak nork jarri zituen eta eskuorriak nork banatu zituen jakin nahi du Morenok, baita Aginagari harrera egin zioten unean frontoi barruan eta kanpoan gertatu zen guztia ere.

Izatez, harrera ekitaldia antolatu zela jakin zenean, hura debekatzeko eskatu zion Auzitegi Nazionalari Dignidad y Justicia elkarteak. Halako kasuetan sarri gertatzen den modura, atzera bota zuen eskakizuna, esanez ezin dela esku hartu "ustezko delitua egin aurretik". Dena den, ongietorriaren ondotik jo zuten auzitegiarengana Villacisnerosek eta Voxek; "terrorismoari gorazarre egin" zitzaiolakoan eta ekitaldia "legearen kontrakoa" izan zelakoan, gertakariak ikertzeko eskatu zuen Voxek.

Sortuk eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) bost hilabete lehenago egin zieten uko harrera ekitaldi publikoei, eta zehazki, ez zuten bat egin Aginagaren etxeratzea zela-eta prestatutako ekitaldiarekin. Sortuk eta EPPK-k ongietorri publikoei jendaurrean muzin egin zietenetik, bi harrera izan dira Euskal Herrian: Aginagarena, eta Iñaki Etxeberriarena iazko abenduan.

EZ DAGO IRUZKINIK