Gaur, azaroaren 30a, grebara jo dute milaka pertsonak Hego Euskal Herrian, zaintza-lanei lotutako aldarriak kalera ateratzeko. Besteak beste, guztiontzako kalitatezko lan- eta bizi-baldintzen alde mobilizatu dira Hego Euskal Herri osoan barrena. Azken asteetan, han-hemenka aritu dira eguna antolatzeko eta grebara deitzeko lanetan, hamaika herritan eta hezigunetan, aipatutako aldarria lau haizetara zabaltzeko asmoz. Lan horren guztiaren goren puntua izan dira gaur eguerdiko mobilizazioak, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak deituta.
Piketeak goizetik, eta hainbat enpresa eta erakunde seinalatuta
Gaur, goizean goiz ekin diote lanari piketeek, Hego Euskal Herri osoko hamaika txokotan. Blokeo-ekintza ugari egin dituzte: errepideak moztu dituzte, metro eta tren geltokiak itxi dituzte, ikastetxeak eta fakultateak zarratu dituzte, sektore feminizatuetako hainbat lantoki itxi eta seinalatu dituzte, zaintzarekin lotura duten erakundeak markatu dituzte...
Gasteizen (Araba), esaterako, goizeko aurreneko orduan blokeatu dute Correoseko zentrala; Correoseko garbitzaileek sei hilabete daramatzate kobratu gabe. Horri lotuta, herri ugaritan markatu dituzte gaur Correosen egoitzak, garbitzaileekin elkartasunez. Beste hainbat enpresa eta erakunde ere seinalatu dituzte goizean, soldatapeko zaintza-lanetako miseriazko baldintzen bidez negozioa egiteagatik edota emakume langileen eskubide politikoak urratzeagatik. Hamaika erresidentziatan, osasun-zentrotan, saltokitan eta hezigunetan deitu dute borrokara piketeek.
Hainbat ikastetxetan ere aritu dira lanean ikasleek osatutako piketeak, baita campusetan ere; hala nola, Bilbon (Bizkaia), Leioan (Bizkaia), Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa) eta Gasteizen bertan. Eskola eta fakultate ugari ixtea lortu dute ikasleek, mobilizatzera deitzeko.
Eguerdian, indarrak batuta
Goizean han-hemen egindako astintze- eta markatze-lan guztien ostean,
lau hiriburuetan elkartu dira milaka lagun, Itaiak egindako
deialdietara batuta. 12:30ean hasi
da Iruñeko mobilizazioa, Nabarreriatik. Bilbokoa, Donostiakoa eta
Gasteizkoa, berriz, 13:00etan abiatu dira; Moyuatik, Bulebarretik eta
Andre Mari Zuriaren Plazatik, hurrenez hurren. Manifestazioetan parte hartu dute sektore feminizatuetan borrokan ari diren emakume langile askok; adibidez, Correosek eta beste hainbat enpresak azpikontratatutako garbitzaileek, Txorierriko SAD enpresako etxez etxeko langileek, edota jangeletako hainbat langilek.
Mobilizazioen amaieran, Itaiako kideek gogorarazi dute "zaintzaren auziak emakumeon bizitzetan eragiten duen zapalkuntza salatzeko" hartu dutela kalea gaurkoan, baita zapalkuntza horri irtenbidea emateko bidean aldarri ozen bat egiteko ere: "guztiontzat kalitatezko lan- eta bizi-baldintza berdinak".
Zaintza-lanak, hamaika zapalkuntzaren iturburu
"Emakume langileon emantzipazioa gauzatzeko ezinbestekoa da zaintzaren auziak dakartzan bazterketa eta zapalkuntza soziala eta ekonomikoa amaitzea", azaldu du Itaiak. Izan ere, "zaintzaren problematikak gizarte osoari eragiten" badio ere, emakume langileak bereziki kolpatzen dituela gogorarazi du; zaintzako eta garbiketako langileek lan-baldintza negargarriak jasaten dituztelako, batetik, eta "etxeko-lanek emakume langileontzat izugarrizko lan-karga dakartelako", bestetik.
Egoera horrek guztiak, gainera, "zaintza-lanen kalitatea okertzen" duela ohartarazi du Itaiak. Adibide modura aipatu ditu, esaterako, "amaiezinak diren itxaron-zerrendak edo zaintzaren deshumanizazioa". "Erronka handi bat dugu zaintzaren auziari aterabidea emateko eta guztion indarrak batzea ezinbestekoa izango da, gizarte antolaketa berri bat eraikitzeko", jakinarazi du.
Miseriari aurre egiteko debekua
Gaurko greba egunean, Itaiak gogoan izan du zaintza-lanetan aritzen diren emakume langileei sistematikoki ukatzen dietela borroka egiteko aukera, eta etengabe urratzen dituztela euren eskubide politikoak. "Langileon legez kontrako egoera probestuz greba egiteko eskubidea ukatzea" edota "greba egunean enpresariek %100eko zerbitzu minimoak inposatzea" aipatu dituzte horren guztiaren isla gisa.
Itaiako kideek seinalatu dute, hain zuzen ere, hori guztia ikusi ahal izan dela azken urteetan langileek hasitako hamaika borroketan, edota gaurko greba deialdian bertan. Hortaz, nabarmendu dute greba orokorrak "langile guztion borrokarako eskubidea aldarrikatzeko balio" behar duela "enpresarien eta nagusien inpunitatearen aurka", eta ez "interes korporatiboak eskuratzeko".
Azpimarratu dute, gainera, enpresarien eta nagusien "mehatxuak eta erasoak ugari badira ere", asko direla "beraien lan-baldintzen alde borrokan" ari diren emakume langileak. Babes osoa adierazi die Itaiak, besteak beste, adineko pertsonen egoitzetako langileei, Correoseko garbitzaileei, etxez etxeko langileei, udal eta foru azpiegituretako garbitzaileei, etxeko langileei, CAFeko garbitzaileei eta jantokietako langileei.
Enpresarien eta politikari profesionalen iruzurra
Une honetako greba testuinguruan politikari profesionalek zaintzaren auzia ahoz aho darabilten arren, "egunerokoan entzungor egiten diete emakume langileon borrokei eta aldarrikapenei", Itaiak salatu duenez. "Enpresariak eta politikariak ez daude emakume langileon emantzipazioarekin konprometituta. Kontrara, zaintzaren auzia negozioa egiteko merkatu bat da beraientzat", gaitzetsi du.
Hala, politikari profesionalek eta enpresariek mahaira ateratzen dituzten berdintasun politikak kritikatu ditu Itaiak, hain justu, haien arteko itunak baino ez direla ohartarazita. Emakumeon Antolakunde Sozialistaren esanetan, "onura elektoralak lortzea dute helburu" aipatutako politikek, eta "emakume langileok eduki ditzakegun kezken eta egonezinen aurrean alternatiba faltsuak saltzeko" baliatzen dira.
"Emakumeon zapalkuntzarekin amaitzetik urrun, arazoak kudeatzera mugatzen dira. Horregatik, ezin ditugu instituzioak aldaketarako motor gisa ulertu, ez eta gure aldarrikapenak instituzioei bideratutako eskakizunetara mugatu ere", gaineratu dute Itaiako kideek.
Emakume langileen interesak, antolakuntza independente baten eskutik
Itaiak, beraz, berriz egin dio azpimarra "enpresarien eta instituzioen interes politikoetatik kanpo antolatzeko" premiari. Oroitarazi du "klase ertaineko emakume batzuentzako momentuko onurak ekar ditzaketen politika publikoek" etengabe baztertzen dituztela "egoerarik zaurgarrienean" dauden emakumeak. "Horregatik, emakume langileok gure interesak erdietsiko dituen antolakuntza indenpendentearen aldeko hautua egin dugu", aldarrikatu du.
Ezinbestekotzat jo du Itaiak, azken asteetan behin eta berriz esan bezala, "guztiok lan- eta bizi-baldintza berdinak izan ditzagun antolatzea". Adierazi du, hori lortzeko, beharrezkoa dela "zaintza-lanen sozializazioaren alde" borroka egitea, "zaintza-lanen ardura gizarte osoarena bihur" dadin eta "lan-banaketa sexuala" suntsi dadin; bai eta "guztiontzako soldata berdintasunaren aldeko aldarria indartzea" ere, "pertsona zein jardun oro sozialki aitortua" izan dadin.
Norabidea hori izanda eta "emakumeon emantzipazio erreala gauzatzeko", gaur egun egindako borroka bakoitza "Estatu Sozialista eraikitzeko bidean kokatzen" duela argitu du Itaiak. "Orain arte bezala, egunerokotasunean, konpromiso osoz eta modu desinteresatuan emakume langileon interesen alde borrokan jarraituko dugu, emakumeon emantzipazio osoa eta gizarte sozialista askea eraiki arte", esan du ozen gaurko manifestazioen bukaeran.