Espainiako Estatistika Institutuak bildutako datuen arabera, azken bi hamarkadetan, nabarmen egin du gora Espainiako Estatura mugitu behar izan diren eta herrigabe egoeran bizi diren pertsonen kopuruak. 2004an, ofizialki, 606 aberrigabe zeuden estatu mailan, baina 4.370 ziren 2024an.
Badirudi pertsona horien laurden bat, 1.369 inguru, EAEn bizi direla gaur egun. Valentzia da aberrigabe egoeran dauden biztanle gehien identifikatu dituzten bigarren autonomia-erkidegoa, 595 lagunekin, eta Andaluzia hirugarrena, 558 izanik. Eta datu ofizialik ez baldin badago ere, kolektibo sozial asko (tartean Zehar-Errefuxiatuekin) bat datoz seinalatzean Mendebaldeko Saharakoak direla errefuxiatu gehienak. Haien kasuan, ez Espainiako Estatuak ez Arjeliak ez Marokok ez die inolako dokumentazio oinarrizkorik ematen.
Herrigabe egoeran daudenek nazionalitatea lortzeko dituzten zailtasun burokratikoez ere ohartarazi dute. Jatorriz sahararra den gazte batek El País egunkariari azaldu dionez, adibidez, ia 20 urte daramatza Espainiako Estatuan bizitzen, baina administrazioak ez dio herritartasuna aitortzen: Asilo eta Babes Bulegoak hainbatetan baztertu du bere eskaera, izan ere, exijitzen diote aurretik gutxienez hamar urte igarotzea aberrigabe egoera ofizialean. Nazionalitatea aitortu gabe, hamaika dira herrigabeek jasaten dituzten ezintasunak eta mugak administrazioari begira, eta hamaika eskubide ukatzen dizkiete.
Bestalde, adin txikiko pertsonen egoera bereziki zaurgarria ere nabarmendu dute zenbait kolektibo sozialek. Espainiako Estatuko Fiskaltza Orokorrak emandako datuak bildu ditu El País-ek, eta seinalatu du, 2023an, ia 1.000 adingabek lortu zutela itsasoz estatura iristea. Kasu gehienetan haien gurasoekin migratzen duten arren, "berezko aberrigabetzat" jotzen dituzte haur horiek, sarri haiei edo haien amei ez dietelako inolako herritartasunik aitortzen jaio diren herrialdean, ez eta Espainiako Estatuan ere.
Espainiako Diputatuen Kongresuak lege-proposamen bat izapidetuko du laster, 1976a baino lehen jaiotako sahararrei espainiar nazionalitatea aitortzeko. Horrekin, hainbat kasutan, ez zen baldintza izango aberrigabe egoera ofizialean hamar urte pasatu behar izatea, herritartasuna eskuratu aurretik.