AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/09/26 23:47

Gudari Eguna da gaur, irailaren 27a, eta mende erdia beteko da diktadura frankistako azken exekuzioetan Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegi erail zituztenetik, FRAPeko hiru militante iraultzailerekin batera. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) Txikiren herrian oroitu ditu militante horiek, Zarautzen (Gipuzkoa): Munoa Plazan egin du ekitaldi politiko bat eguerdian, Atzo eta gaur faxismoaren aurka lelopean.

Faxismoaren aurkako borroka, atzo eta gaur

Gaurko ekitaldian, gaur egungo faxismoari eta erreakzioari aurre egitera deitu du EHKSk. Ane Ibarzabal bozeramaileak ohartarazi du frankismoa ez zela diktadorearen heriotzarekin amaitu, eta inpunitatea dela nagusi garai hartako krimenen aurrean; Txiki eta Otaegi bezalako militante politikoen aurkako jazarpena eta erailketak kasu. Are gehiago: gaur egun ere, estatuen "bilakaera autoritarioa eta faxismoaren gorakada" izaten ari direla azaldu du, eta kapitalismoaren krisiari dagozkion berezko ezaugarritzat seinalatu ditu. Horiek horrela, bi zeregin azpimarratu ditu Ibarzabalek: "Batetik, iraultza egiten saiatu zirenen memoria omentzea, eta, bestetik, sozialismoaren ulerkera eguneratzea eta errealitate konkretu bilakatzea".

Garazi Navarro eledunak, bestalde, gogorarazi du frankismoaren jarraipenean sortu zela "78ko erregimena" deiturikoa, eta ez dela faxismoaren aurkako bermea: "Horren lekuko dira Euskal Herriko langileriak urteetan zehar pairatu dituen gerra zikina, erailketak, milaka torturatuak eta espetxeratuak". Eta horri loturik, faxismoaren aurkako gaur egungo bermeez mintzatu da: "Balio al du PSOEren gobernuak gizarteko maila guztietan hazten ari diren erreazkioa eta faxismoa gelditzeko? Gobernu hau agintean dagoenetik faxismoa hazi besterik ez da egin, instituzionalki, sozialki edo kalean". Hori dela-eta, langileek propioki borroka egiteko beharra nabarmendu du Navarrok, "faxismoari ateak irekitzen dizkioten instituzioetatik" kanpo.

Autodeterminazio-eskubidearen alde

Hari beretik tiraka, Navarrok seinalatu du autodeterminazio-eskubidearen kontrakoak direla frankismoa eta horren osteko erregimena: "Euskal Herri langilearen borondate nazionalari entzungor egiten jarraitzen du 78ko erregimenak, eta ezin daiteke ezer konpondu hura erreformatzea bilatuz, ezta PSOErekin akordioetara iritsita ere. EAJ, EH Bildu eta PSOE bultzatzen ari diren estatus nazional berria iruzur autonomikoa baino ez da". Gaineratu du, langileriarentzat, estatu inposatuak direla Espainiakoa eta Frantziakoa, esanez "klase etsaiaren" tresnak direla eta "langileen borondate nazionala ukatzen" dutela.

Palestina gogoan

Zarautzen egindako ekitaldian, gainera, palestinarrak sionisten partetik jasaten ari diren sarraskia izan du gogoan EHKSk, eta estatu sionistaren aurka mobilizatzera deitu du: "Ofentsibara pasatzeko unea da. Israelgo Estatu faxistaren aurka azken asteetan egindako ekimenek bidea erakusten digute".

Palestinako Estatua aitortzeko Mendebaldeko adierazpen instituzionalak hazten ari diren honetan, zorrotz hitz egin du Mugimendu Sozialistako antolakunde nagusiak: "Palestinako Estatua aitortzea Gazaren ehuneko %90 desagertu denean, 70.000 hildako eta gero, gustu txarreko broma bat da. Zer estatu? Zer muga ditu? Ez die axola, ezerk ez die axola, oso argi utzi dute hori. Armak etengabe saltzen ibili ostean, orain, presiopean hartutako erabaki batengatik zoriontzea nahi badute, jai dute".

EZ DAGO IRUZKINIK