AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Bilboko CEBEK patronalaren egoitzan amaitu da Barakaldotik abiatu den martxa. Argazkia: ELA
2022/04/26 17:16

Bizkaiko eraikinetako eta lokaletako garbitzaileak kalera atera dira berriro, lan-baldintzak hobetzearen alde. Hala, beharginen eskaera nagusia aurreko urteko azaroan plazaratutako berdina da: soldata 1.200 euroko hamabost ordainsaritara igotzea.

Gaur egin dute lehen greba eguna eta biharko, apirilaren 27rako, bigarren greba egun batera deitu dute langileek. Maiatzean mobilizatuko dira berriro, hilaren 10ean, 11n eta 12an, hain zuzen ere. Patronalarekin izandako negoziazioek huts egin dute berriz ere; ondorioz, urtebete baino gehiago iraun duen lan-gatazkari ematen dio jarraipena mobilizazio ziklo berri honek. Langileen erantzun zabala izan du, sindikatuen arabera, Barakaldotik (Bizkaia) Bilbora (Bizkaia) igaro den martxak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko garbitzaileak greban

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinetako eta lokaletako garbitzaileek ere grebari ekin zioten atzo, eta maiatzaren 7ra arte grebari eusteko asmoa erakutsi dute, euren eskaerak onartu ezean. Azpikontratatuta du zerbitzua aldundiak eta, beharginek salatu dutenez, Eulen enpresaren zuzendaritzak ez du langileen ordainsaria KPIaren igoeraren arabera egokitu nahi.

Alegia, soldata errealaren jaitsiera aplikatu nahi du enpresak eta, testuinguru horretan, instituzio publikoek esku hartzeko asmorik ez dutela salatu dute beharginek. 90 langilek osatzen dute garbiketako plantilla.

EZ DAGO IRUZKINIK