AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Protesta Donostiako Ospitalean.
2023/05/08 11:31

Osakidetzak azpikontratatutako langileek joan den otsailean ekin zioten grebari Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, euren lan-baldintzen defentsan. Garbitzaileek salatu dute, besteak beste, euren lan-kontratuetan adierazten direnak baino lanordu gehiago izaten dituztela egiaz, eta "garapen profesionala" deiturikoari lotutako jarduna ez dietela ordaindu azken lau urteetan. Gainera, errelebo-kontraturik ez diete ahalbidetzen Osakidetzak azpikontratatuta dituen enpresek.

Bitartean, enpresa horiek "emakume langileek dituzten lan-baldintzen kontura aberasten ari dira", Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak seinalatu izan duenez. Urtean 100.000.000 eurotik gorako diru-sarrerak izan dituzte, esaterako, Optima Facility eta Garbialdi enpresek; 104.000.000 eurotik gorakoak Optima Facilityk eta 115.000 eurotik gorakoak Garbialdik, hain zuzen ere.

Krisi garaian, orokorrean, "emakume langileon lan-baldintzak are gehiago ari dira okertzen", Itaiaren esanetan. Horren adibidetzat jo dituzte, hala nola, zaintzako eta garbiketako emakume langileen baldintza gogorrak. "Enpresa handiek, gero eta etekin gehiago lortzeko baldintza prekarioak behar dituzten bitartean, Osakidetza bezalako instituzio publikoek, aitortza sozial batetik harago, lan-baldintzen hobekuntza bat bermatzeko borondaterik ez dute", gaineratu dute Itaiako kideek.

Langileen lan politikoa, jazarria eta oztopatua

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileen eskubide politikoak, gainera, etengabe urratuak izaten ari dira. Gipuzkoan, esaterako, polizia-indarrak behin eta berriz bertaratu dira langileen mobilizazioetara, eta behin baino gehiagotan oldartu dira euren kontra. Propaganda politikoa egin ahal izateko oztopoak ere etengabeak izan dira zenbait zentrotan, eta urratua izaten ari da beharginek greba egiteko daukaten eskubidea: adibidez, Eusko Jaurlaritzaren aginduz, bi aldiz garbitu dute Donostiako Ospitalea, garbitzaileak greban zeudela.

Hori guztia dela-eta, aurreko ostiralean elkarretaratze bat egin zuten Donostiako Ospitalean garbiketako langileek eta Itaiak. Lan-baldintzak borrokatzeko, askatasun politikoak defendatu! leloaren pean izan zen protesta. Garbitzaileen borrokan izaten ari diren eskubide politikoen urraketak salatu zituzten, eta aldarrikatu zuten ezinbestekoa dela "lan-baldintzen hobekuntza eskubide politikoen defentsarekin batera borrokatzea".

EZ DAGO IRUZKINIK