AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Langileen protesta, joan den ostegunean. ARGAZKIA / GEDAR
2023/03/20 12:40

Lan-hitzarmen berri baten aldeko borrokari heldu diote Tolosako (Gipuzkoa) kiroldegiko beharginek. Joan den ostegunean, martxoaren 16an, ekin zioten lanuzteari nahiz mobilizazio-agendari. Geroztik, geldirik daude udalerriko kirol-instalazioak, eta hala jarraituko dute hilaren 26ra arte, gutxienez.

Usabal kiroldegiko langileek salatu dutenez, BPXport S.L.U. enpresak ez du inolako soldata-igoerarik aplikatu 2019tik gaurko egunera arte, Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) gora egin duen arren. Ondorioz, euren erosahalmenak "nabarmen" egin du behera.

Horrez gain, enpresak ez du langileentzat beharrezkoak diren bestelako puntu batzuez hitz egin nahi. Esaterako, grebalariek adierazi dutenez, enpresak ez ditu kiroldegiko ikastaroetako prestakuntza-orduak ordaintzen eta ez du asmorik harrera- zein garbiketa-zerbitzuetako langileen kategoriak igotzeko. Bestalde, lanaldi partzial ugarien auziari heltzeko klausulak ere txertatu nahi dituzte, baina enpresak ez du horren inguruan aritu nahi.

"Enpresak ez du negoziatzeko borondaterik adierazi, eta greba baino bi egun lehenagora arte ez zuen proposamen zehatzik egin", jakinarazi dute. Orduan bildu ziren udalarekin eta enpresarekin lan-baldintzen hobekuntzen inguruan hitz egiteko. Enpresak %1eko soldata-igoera baino ez zuen eskaini 2023rako, eta horrek akordiorako gutxienekoa betetzen ez zuenez, 11 eguneko greba hasi eta aldarrikapenak kalera ateratzea erabaki zuten langileek. Hala, mobilizazioak, kirol-ekimenak eta kanpaldi bat antolatu dituzte datozen egunetarako.

Udalaren erantzukizuna

Kiroldegiko 35 beharginak azpikontratatuta aritzen dira BPXportentzat lanean, Tolosako Udalaren jabetzako instalazioetan. Enpresak EAJren udal gobernuak emandako lizitazio baten bidez kudeatzen ditu azpiegitura publikoak. ELA sindikatuak Tolosaldeko Ataria-n azaldu duenez, "2020ko martxoan, hitzarmen berriaren negoziaketa hastera zihoanean, pandemia etorri zen, eta gogor eragin zuen kiroldegietan. Behin pandemia igarota, lizitazio berriarekin enpresa aldaketa etorri zen, Kirolzer enpresak kudeatzetik BPXport enpresak kudeatzera pasatu zen, eta negoziaketa 2023ra atzeratzea ekarri zuen horrek".

Langileek GEDAR LANGILE KAZETARI jakinarazi diotenez, enpresak tarifen igoera bermatzeko eskatu dio udalari, eta baiezkoa eman dio horri. Hala ere, udalak ez dio lan-baldintzen hobekuntzarako inolako exijentziarik aurkeztu. Kontrara, duela sei hilabete, hamar urterako kontratua sinatu zuen BPXportekin.

EZ DAGO IRUZKINIK