Greba mugagabea Gasteizko (Araba) udal-rokodromoetan. Zerbitzu hori ere azpikontratatuta dauka Gasteizko Udalak, eta langileek joan den larunbatean hasi zuten greba, kalitatezko lan-baldintzen alde: batzuei zor dizkieten soldatak ordaintzea eskatzen dute, baita euren lanean segurtasuna bermatzea eta beharrezko informazioa ematea ere. Gasteiz Hoy-k jaso duenez, "erabateko prekaritatean" daudela salatu dute.
Lanuztearen barruan, beharginek mobilizazio bat egin zuten atzo goizean Begirada eskulturan, hiriaren erdigunean, eta hainbat aldarri atera zituzten kalera, euren borrokaren erakusgarri: "Rokodromoetako langileak borrokan, kalitatezko lan-baldintzak bermatu"; "Azpikontraten negozioa rokodromoetatik kanpo"; "Kobratu gabe, formakuntzarik gabe, segurtasunik gabe. Udala arduradun", eta abar.
Udal-rokodromoak kudeatzeko, gaur egun, Prisma Global enpresa dauka azpikontratatuta udalak. Plantillak salatu du, ordea, konpainia hori etengabe atzeratzen dela soldatak ordaintzean: beharginek urrian egindako agerraldian azaldu zuten abuztuko eta iraileko soldatak zor zizkietela. Euren egoera publikoki salatu ostean ordaindu zien enpresak, udalak urgentziaz egindako ordainketa baten bidez, baina batzuek gaizki kobratu zuten zor zietena.
Badirudi, gainera, Prisma Global hartzekodunen konkurtsoan sartuko dela laster. Hala ere, zerbitzurako baldintza berriak atera arte, konpainiarekin daukan azpikontratazio-akordioa mantenduko du udalak, eta horrek ziurgabetasun eta ezjakintasun osoan utziko ditu langileak.
Segurtasun eta babes falta
Ordainsarietan izaten diren atzerapenez gain, beharginei ez dizkiete lan-arriskuei buruzko beharrezko informazio guztia eta formakuntza bermatzen (lan bertikalak egin eta produktu toxikoak erabiltzen dituzten arren). Lan-istripuak eta arrisku-egoerak ekartzen ditu horrek. Hori gutxi balitz, segurtasunerako eta babeserako material falta ohikoa da.
Rokodromoetako langileek salatu dute, dena den, haien egoera ez dela "bakarra": halako gabeziak orokorrak dira "beste sektore batzuekin partekatzen ditugun azpikontratazioetan", beharginen esanetan. Horiek horrela, udalaren erantzukizunari azpimarra egin diote berriz.
Gasteizko LASen babesa
Arabako hiriburuan borrokan ari diren beste behargin batzuekin bezala, rokodromoetako plantillari babes osoa eman dio Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS). Azpikontratazioa jarri du jopuntuan besteak beste, "rokodromoetako langileen egoera udal-azpikontratazioak dakarren abusuen enegarren eredua" delakoan: "Udalak sustatzen duen negozioak lan-prekarizazioa eta zerbitzuaren prekarizazioa eragiten ditu. Beste behin ere, ikusi dugu udalak abusuak estali nahi dituela eta ez zaiola axola udal-zerbitzuetan lan egiten duten langileen egoera".
Horren kontra, LASek funtsezkotzat hartu du "azpikontratatutako langileen arteko elkartasuna saretzea eta antolatzea", eta horretan lan egiten jarraituko duela dio.