AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/31 14:38

Bizkaian, J Cordoba enpresak iazko abenduan hartu zituen bere gain Correoseko garbiketa-lanak. Ordutik, astero mobilizatu behar izan dute J Cordobak soldatapean dituen langileek, euren soldaten ordainketetan izaten diren atzerapenengatik edota, zuzenean, ez dietelako soldata ordaindu. Beharginek joan den irailean jakinarazi zuten enpresak ez zizkiela ordaindu uztaileko eta abuztuko nominak, eta urria amaitu berri den honetan, berdin-berdina da egoera: kobratu gabe jarraitzen dute.

Borroka etenik gabe egin badute ere, azken lau hilabeteetako soldatak eta uztaileko aparteko ordainketa beharginei helarazi gabe jarraitzen du J Cordobak, eta greba mugagabeari ekitea erabaki dute haiek. Salatu dute entzungor egiten dietela bai Correosek bai hark azpikontratatutako J Cordobak, eta ez dela inolako elkarrizketa- edo negoziaketa-saiakerarik egon.

Gogorarazi dute kontratu publiko bat dela Correosek garbiketa-lanetarako lotzen duena, eta 24 milioi euro mugitzen dituela. Correosek, antza, kontratutan zehaztutako diru publiko kopurua ordaintzen dio J Cordobari, baina azpikontratutako enpresak, gero, ez die garbitzaileei ordaintzen. Langileek behin eta berriz seinalatu dute Correos bera ere, nabarmenduta eskumena daukala azpikontratatutako enpresa soldatak ordaintzera behartzeko.

Dirudienez, urri honetan, Correosek bi lizitazio atera ditu argitara Bizkaiko garbiketa-zerbitzua esleitzeko. Dena den, hutsik geratu dira bi eskaintzak: enpresek esaten omen dute ez dagoela nahikoa aurrekonturik eta baliabiderik zerbitzua emateko, eta ez daudela prest euren gain hartzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK