AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Artxiboko irudia.
2025/01/27 14:58

Litekeena da Laudioko (Araba) Guardian Glass enpresako langileek greba mugagabeari ekitea. Enpresa-zuzendaritzak aurreko astean jakinarazi zuen Laudioko labea behin betiko gelditu nahi duela, hura berritzeko aukerari uko egin ostean. Itxierak 171 beharginak kalean geratzea ekarriko luke, zuzendaritzak ez baitu beste inolako aukerarik mahaigaineratu. Aurreko ostiralean zehaztu zuen, gainera, hasieran iragarritako itxiera-data aurreratu nahi duela, jarduna asteazken honetan bertan eteteko.

Azken berriak ezagututa, greba mugagabera jotzea erabaki dute goizeko txandako langileek. Gaur elkartu dira asanbladan, eta aho batez hartu dute erabakia. Arratsaldeko txandakoek 15:00etan egin behar dute asanblada, eta hura amaitzean ikusiko da ea zein den plantillaren erabakia.

Laudioko lantegiko langile-batzordea (ELA eta LAB sindikatuek osatzen dute) gaur goizean bildu da zuzendaritzarekin, eta esan du fabrika ixteko erabakiak ez daukala "atzera-bueltarik". Erabakiaren kontra agertu dira hainbat gobernu-erakunde, hala nola Eusko Jaurlaritza eta Arabako Foru Aldundia. Jaurlaritzak, itxuraz, enpresako zuzendaritzari eskatu dio ez dezala lantokia zarratu, baina ezer gutxirako balio izan dute hitz horiek. Are gehiago: otsailaren 3rako iragarritako itxiera aurreratu du enpresak, aste honetara. Bihar elkartuko dira Jaurlaritza eta multinazionaleko zuzendaritza.

Hori guztia gutxi balitz, Laudioko labearen egoera larriaz ohartarazi du langile-batzordeak: "modu jakin batean" itzaltzen ez bada, "eraikina kolapsatzeko arriskua" handia dela azaldu du. Enpresak ez du oraindik inolako protokolorik edo bide-orririk prestatu labea amatatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK