Atzo, arratsaldeko 18:00etan, greba mugagabeari ekin zioten Petronorren Muskizko (Bizkaia) findegiko beharginek, enpresak lanaldia ezkutuan luzatu diela salatzeko. Izan ere, enpresak lantegiko sarreran jarri eta lanpostuetatik urrundu ditu aldagelak; eta lan-orduetatik kanpo utzi du langileek laneko arropa jartzeko eta lanpostuetara autobusean joateko behar duten denbora, baita bueltako prozesua ere.
Horrekin, ordu-erdi inguru luzatzen da haien lanaldia, baina denbora-tarte hori ez da lan-ordu ofizialetan sartzen. Duela lau hilabetetik aplikatzen du lan-orduak kalkulatzeko modu hori enpresak, eta Berria-k jaso duenez, txandaka jarduten duten langileei eragin die batez ere.
Horren kontra, CCOO, UGT, TU eta ELA sindikatuek egin dute greba-deialdia, eta plantillaren %91k babestu du; 1.000 langile inguru dira. 1979tik Petronorreko langileek egiten duten lehen greba mugagabea da, eta sindikatuen esanetan, findegiko "instalazioen eta lan-baldintzen kaskartze progresiboak" eragin du deialdiak hainbesteko babesa izatea.
Orain arte, lan-orduen barruan sartzen zen lanean hasteko prestaketen denbora-tartea, baina beharginek gogorarazi dute borroka luze bati esker lortu zela hori bere momentuan. Dena den, sindikatuek salatu dute "ezinbestekotzat" jotzen dela findegiko jarduna, eta horren ondorioz, zerbitzu minimoen barruan "beharrezkotzat" hartzen dela plantillaren "%100 inguru".