AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/06 10:32

Gizatzen enpresako langileak aritzen dira Donostiako (Gipuzkoa) udal lokalak garbitzen, eta greba mugagabea egingo dute irailaren 16tik aurrera. 180 behargin dira lan horretan, eta horietatik %90 emakumeak dira. Salatu dutenez, "soldata-maila bikoitza" dago enpresan, eta soldata txikiagoa jasotzen dute 2022tik aurrera kontratatutako langileek.

Izan ere, Gizatzen enpresak 2022an hartu zuen zerbitzuaren ardura, beste enpresa bat ordezkatuz. Jada enplegatuta zeuden langileek lan-baldintza berdinak mantendu zituzten, aurreko enpresak aplikatzen zuen itun berdina ezarri baitzien Gizatzenek.

2022tik aurrera enplegatutako beharginen baldintzak, ordea, Gipuzkoako eraikinetako eta lokaletako lan-hitzarmenak ezartzen ditu. Hala, soldata txikiagoa jasotzen dute langile horiek, hain zuzen, 4.000 euro gutxiago urtean. Egoera horren aurrean, garbitzaileek soldatak berdintzea exijitu dute, bai eta Kontsumoko Prezioen Indizean (KPI) oinarritutako soldata-igoerak izatea ere.

Maiatzean mobilizatu ziren langileak, baina ez dituzte haien exijentziak bete. Mobilizazio gehiago antolatu dituzte datozen asteetarako, eta greba mugagabeari ekingo diote datorren irailaren 16an. Sindikatuek Donostiako Udalaren (EAJ) ardura ere seinalatu dute, esleipen-orrietan garbiketa-zerbitzura bideratutako diru kantitatea txikitu du-eta.

Nafarroako desgaitasunaren sektoreko langileak kexu dira

Bestalde, Nafarroako desgaitasunaren sektoreko beharginek elkarretaratze bat egin zuten atzo, irailaren 5ean, Lan-Auzitegi aurrean. Soldatak igotzea exijitzen dute, bai eta lanordu kopurua jaistea ere. Azaldu dutenez, otsailean igoera negoziatzen hasi ziren, baina eztabaida luzatu egin da, eta langileek ez dute inolako igoerarik jaso. Zehazki, soldatak KPIa bezainbeste gehi beste %2 igo daitezela aldarrikatzen dute.

EZ DAGO IRUZKINIK