Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko hitzarmenak bost urte daramatza berritu gabe eta, langileek salatu dutenez, 50 bilera baino gehiago egin dituzte ordutik zerbitzuaz arduratzen diren hainbat enpresarekin. Elkarrizketek huts egin dute, ordea, eta negoziazio-prozesua "hasieran bezala" dagoela azpimarratu dute garbitzaileek.
2022ko abenduan hiru greba egun egin zituzten eta, orduan bezala, garbiketako beharginen lan-baldintzak Osakidetzako gainerako langileen baldintzekin parekatzea da aldarrikapen nagusia. Zehazki, osasun-zerbitzuko gainerako langileek dituzten hainbat eskubide, lanpostuetan ordezkagarritasuna izatea bermatzen duten erretiro partzialak, laneko hutsegiteak betetzeko sistema "zabalago eta bidezko" bat, nahiz "karera profesionaleko deialdietarako sarbidea" galdegiten dituzte Osakidetzako garbitzaileek.
Hitz batean, Osakidetzako langileekiko homologazioa exijitzen dute. Azpikontratatutako enpresak blokeoaren errudun modura seinalatu dituzte, garbitzaileen iritzitz, "jarrera erosoa" hartu baitute haiek, ardura Osakidetzaren esku utzi baitute. "Egoera desblokeatzea" exijitzen diote Osakidetzari, jada ez baitute enpresen erantzunik jasotzen.