Aernnova Engineering enpresak hainbat aldaketa jasan ditu azken urteetan. Engineering Solutions enpresak xurgatu zuen Aernnova eta, prozesu horren ondorioz, langileen lan-baldintzak okerragotu dira, haiek salatu dutenez. Izan ere, lan-hitzarmen propioa zuten lehen Arabako lantegiko beharginek, baina Engineering Solutions enpresaren zati bat bihurtzean —Aernnova Engineering Division du izena orain Miñaoko (Araba) lantegiak— Espainiako Estatuko ituna ezarri zitzaien langile guztiei.
Soldata-eskalak ezarri zizkieten eta ez diete KPIaren araberako soldata igoerarik egin; hala, soldata erreala murriztu diete. Hori ez ezik, lan-kargak handitu direla eta, testuinguru horretan, zuzendaritzak "malgutasun handiagoa" exijitzen duela salatu dute langileek.
Gainera, pandemia hasieran 88 langile kaleratu zituen Aernnovak, "egiturazko arrazoi produktiboak" argudiatuta. Aitzitik, langileek seinalatu zuten deslokalizazio-prozesuari erantzuten zietela kaleratze horiek eta, antza, lotura du enpresaren xurgapen prozesuarekin ere.
Lan-kargaren handitzeari, soldataren murrizketari, malgutasunari zein soldata-eskalei aurre egiteko joko dute grebara orain Aernnovako beharginek, beraz. Apirilean lau orduko lanuzteak egin zituzten; aldiz, maiatzaren 3an, 5ean, 10ean eta 12an greba egingo dute. Sindikatuen arabera, "mobilizazioak areagotu behar izan dituzte" langileek, enpresak ez baitu negoziatzeko asmorik erakutsi.