Abuztuaren 12an, Bilboko Langile Autodefentsa Sareak borrokaldi berri bat abiatu zuen Bilboko (Bizkaia) Alde Zaharrean. LASeko kideek azaldu zutenez, haiekin harremanetan jarri zen Goienkale kaleko taberna batean soldatapean aritzen zen behargin bat, "bere lan-baldintzak salatzeko asmoz".
Besteak beste, langileak azaldu zuen ez zuela lan-kontraturik izan esku artean, "behin eta berriz eskatu arren". "Horrekin batera galtzen zituen oinarrizko eskubideak (oporrak, baja hartzeko eskubidea, etab.) konpentsatzeko beste ordainsaririk" ere ez zioten ordaindu tabernako jabeek. Gero, konfinamendu garaia hastean, "bidegabeko kaleratzea pairatu" zuen, horrek ekartzen zuen "babesgabetasun egoera osoarekin". Gainera, kontraturik gabe jardun zuenez soldatapean, beharginak ez zuen aldi baterako enplegu-erregulazio bati lotutako edo bestelako dirulaguntzarik jasotzeko sarbiderik izan.
Hala, langileak Bilboko LASengana jo zuenean, eskakizun zerrenda bat helarazi zieten tabernako jabeei. Jakinarazi zuten, jabeek eskaerak bete ezean, "kanpaina publiko bat abiaraziko" zutela "helburuak lortu" arte. Ordaindu zure langileei lelopean, hasitzat eman zuen borrokaldia LASek.
AURREKARIA
Atzo, abuztuak 31, LASeko kideek sare sozialen bidez adierazi zuten lan-gatazka irabazi dutela. Tabernako jabeei eskatutako bi baldintzak betetzea lortu dute: batetik, "bidegabeko kaleratzea eta zor zituzten beste kopuru batzuk (oporrak etab.) ordaintzea", eta bestetik, kalte-ordain bat ordaintzea, "berrogeialdian diru-sarrerarik gabe kaleratzeagatik". "Azken hori etorkizuneko borroketarako aurrekaria izan daitekeela uste dugu", dio LASek.
"Garaipen honekin, klase elkartasunaren eta instituzio burgesekiko antolakuntza autonomoaren garrantzia eta eraginkortasuna nabarmentzen ditugu. Berriro ere ageri zaigu borrokak kolektibizatuz garaipena guztiona dela", hausnartu du.
Honakoa ez da izan aurtengo udan Bilboko Langile Autodefentsa Sareak lortu duen garaipen bakarra: ekainaren amaieran jakinarazi zuen Deustuko taberna batean martxan jarritako borrokaldiak ere fruituak eman zituela. Izan ere, bi asteko kanpainari eta borrokari esker, kaleratutako behargin bati zor zion diru kopurua ordainarazi zioten Irish Stones Pubeko jabeari.