Deustun abiatutako borrokaldia irabazi du Bilboko Langile Autodefentsa Sareak

Bilboko LASek kanpaina bat hasi zuen Deustun, Irish Stones Pub tabernan gertatutako kaleratze bidegabea zela eta. Bi asteko kanpainaren ostean, kaleratutako langileari zor dion dirua ordainduko diola adierazi dio tabernaren jabeak. Kasu hau irabazitzat jota, LASeko kideek nabarmendu dute "langileriaren auto-antolakuntzaz baino ezingo diegula aurre egin" areagotzen ari diren lan gatazkei.
Argazki Nagusia
Argazkia: BilbokoS
2020ko ekainaren 29a

Bilboko Langile Autodefentsa Sareak jakinarazi duenez, irabazi egin du Deustun (Bilbo, Bizkaia) hasitako borrokaldia. Irish Stones Pub tabernan langile bat kanporatu zuten martxoaren 22an, konfinamendu garaiaren aurretik. Langileak hiru hilabeteko kontratua zuen otsailetik, eta "probaldian" zegoen. Konfinamenduko lehen egunean, e-mail bidez jakinarazi zioten ez zuela proba tarte hori gainditu eta kaleratua izango zela. Une horretan, Bilboko LASekin jarri zen harremanetan.

Hortaz, borrokaldi bat abiatu zuten, tabernako jabeak kaleratutako beharginari zor zion diru kopurua ordaindu ziezaion. Jabeari zuzendutako gutun bat idatzi zuten LASeko kideek eta langileak, kaleratze horretan lan eskubideen urraketa izan zela salatzeko eta kaleratuari zor zion dirua ordaintzea exijitzeko.

Bi asteko kanpainaren ondoren, LASeko kideek Twitter bidez adierazi dute helburua lortu dutela jada. Jabearen telefono bidezko deia jaso zuen beharginak, eta exijitutako baldintzak beteko dituela esan zion. Ondorioz, lan gatazka hau irabazitzat jo du Bilboko LASek.

Erasoak gora

Era berean, azaldu duenez, "COVID-19ak markaturiko eta sistema kapitalistaren barne-dinamikak indarturiko krisi honetan desjabetuon lan eta bizi baldintzen aurkako erasoak areagotu egin dira".

Eraso horiei "langileriaren auto-antolakuntzaz baino ezingo diegula aurre egin" aldarrikatu du, beraz. "Egoera honen aurrean, gure interesen alde eta gure bitartekoekin antolatzen den autodefentsa beharrezkoa" dela nabarmendu du, eta modu horretan, konfinamenduaren osteko eszenatokian ere langile autodefentsa antolatzeko premiari egin dio azpimarra.