PSOE eta Podemos alderdiek gidatutako Espainiako Gobernuaren legealdia bukatzen ari den honetan, "historiako gobernurik aurrerakoiena" delakoak feminismoaren izenean mahaira atera dituen erreformak eta aldaketak aztertu ditu Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Azterketa horretan landutako ondorio nagusiak bere web-orrian argitaratu ditu, Gobernu politika feministak izenburuarekin.
Horretaz gain, ondorio horiek jendaurrean aurkezteko hitzaldi-bira bat egin dute Itaiako kideek. Azaroaren 2tik 10era bitartean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izan dira hitzaldiak; zehazki, Donostiako (Gipuzkoa) Zentro Sozialistan, Bilboko (Bizkaia) La Bolsan, Iruñeko (Nafarroa) Kondestable Civivoxan eta Gasteizko (Araba) Landatxo Gizarte Etxean. Hainbat campusetan ere eskaini dituzte gobernu politika feministei buruzko hitzaldiak, unibertsitateko emakume taldeekin batera; Bilbon, Eibarren (Gipuzkoa), Gasteizen, Ibaetan (Donostia, Gipuzkoa), Iruñean eta Leioan (Bizkaia), hala nola.
Eragina edo eragin eza emakume langileengan
Itaiako kideek azaldu dutenez, azterketa egitean, PSOEk eta Podemosek gauzatutako hainbat erreformak "emakume langileon bizitzetan izan duen eragin erreala" ikertu dute. "Legealdian pisu handia izan dute berdintasun politikek, beraien [gobernuko alderdien] aurpegi aurrerakoia erakusteko erabili baitituzte", seinalatu du Itaiak. Dena den, "erreforma bakoitzak eztabaida mediatiko edo instituzionala sustatu badu ere", emakume langileen bizitzetan ez dutela "aldaketa errealik eragin" ohartarazi du.
Trans Legea, Soilik baietz da baietz modura ezaguna den neurria eta osasun sexualari buruzkoa aztertu ditu Itaiak, besteak beste. Gobernuak neurri horiek guztiak "aurrerapauso bezala zabaldu baditu ere", Itaiako kideek nabarmendu dute "emakume langileon zapalkuntzak bere horretan jarraitzen duela eta, zehatzago, politika instituzionaletik ez dela inola ere emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko bitartekorik mahaigaineratzen". "Emakumeok jasaten dugun zapalkuntza bakoitza kudeatzera bakarrik mugatzen dira", gaineratu dute.
Irakurri hemen Gobernu politika feministak azterketako ondorio nagusiak jasotzen dituen txostena.
Azaroaren 30ean, kalera
Politika feministei buruzko datuak eta hausnarketak partekatzeaz gain, mobilizatzeko dei bat ere egin du Itaiak azken hitzaldi-biran: datorren azaroaren 30ean kalea hartzera deitu du, kalitatezko lan- eta bizi-baldintza berdinen alde. Hiriburuetan eta campusetan egindako hitzaldietan, beraz, azaroaren 30eko greba deialdian erdigunean jarri den zaintzaren auziaz ere jardun dute Itaiako kideek.
Sektoreko langileen lan-baldintzez, zaintzari lotutako arazoei erantzuteko erakunde publikoetatik proposatu diren neurriez eta arazo horiei aurre egin ahal izateko bide-orriaz aritu dira saio horietan, besteak beste. Bide-orri horretan, beharrezkotzat jo dute, esaterako, "zaintzaren problematikaren oinarrian dauden interes ekonomikoak" seinalatzea, baita "instituzioetako berdintasun politikek zaintzaren problematikarekin amaitzeko dituzten muga ekonomikoak eta politikoak" azpimarratzea ere.