AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/08/22 09:46

Urtebete baino gehiago igaro da Legutioko (Araba) Zentro Sozialista hustu zutenetik. Prozesu judiziala zenbait urtez luzatu ostean, iazko ekainaren 28an izan zen Desjabetuon Hotelaren desalojoa. Hustearen kontra protesta egiteko Legution bildu ziren gazteen kontra gogor egin zuen Ertzaintzak: hainbat eta hainbat lagun zauritu zituzten polizia-indarrek Zentro Sozialista aurrean, eta bi pertsona eraman zituzten atxilo.

Gaur-gaurkoz, atxilotu zituzten bi lagun horiek auzipetuta daude. Epaitu egingo dituzte, eta, orotara, hamahiru hilabeteko espetxe-zigorrak eskatzen dituzte haientzat, baita 3.600 euroko isunak ere.

Irailaren 1ean izango da aurreneko epaiketa, auzipetutako bi gazteetako baten kontrakoa. Gasteizen (Araba) epaituko dute, eta protestara deitu du Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak: egun horretan, 10:30erako, Gasteizko epaitegira bertaratzera deitu du. "Langile Kontrolpeko Espazioen defentsaren aurkako erasoak" salatuko dituzte protestan, bi auzipetuei babesa emateaz gain.

Langile Kontrolpeko Espazioak, jopuntuan

"Honako hau jardun politiko independentea aurrera eramateko oinarrizkoak diren espazio orok bizi duen egoeraren beste adierazle bat baino ez da, geroz eta zailagoa baita espazioak eskuratzea, normaltasunez erabiltzea eta defendatu ahal izatea", esan du Defentsa Komunitateak, epaiketaren harira. Adibide modura aipatu ditu "Langile Kontrolpeko Espazioek etengabe jasan behar dituzten desalojoak, identifikazioak, prozesu judizialak, isun itogarriak zein beste hainbat eraso".

Ofentsiba horri guztiari aurre egitea ezinbestekotzat jo du Defentsa Komunitateak; "elkar defendatzeko konpromisoa oinarri izanda, errepresioari kolektiboki aurre egin eta espazioen defentsa ahalik eta modu eraginkorrenean antolatzeko baliabideak egituratzen jarraituz".

EZ DAGO IRUZKINIK