AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Sky News
2024/10/23 11:30

Kolono sionistak, hainbatek "zibil israeldartzat" jotzen dituzten horiek, parte aktiboa dira Palestinaren okupazioan eta palestinarren kontrako sarraskian. Hala erakusten dute azken urtean egin dituzten hamaika erasoek (tartean palestinarrentzako laguntza humanitarioa blokeatuta), eta hala frogatzen du Gazako Zerrendako mugan berriki antolatu duten kanpaldiak: kanpin-dendak muntatu dituzte bertan ehunka sionistak (batzuk armaturik daude), eta euren ustez Gaza okupatzeko duten eskubidea aldarrikatzen ari dira, Israelgo Estatuaren babesarekin.

Nachala mugimendu faxistak bultzatu du ekimena. Besteak beste, Zisjordanian legez kontrako kokalekuak ezartzea sustatu izan du orain arte, eta dei berdina egin du orain Gazako Zerrendan. Kanpaldian, besteak beste, sionisten kokalekuak jartzeko "entrenamendu-tailerrak" egiten ari dira, eta parte hartzen ari dira Israelgo Estatuko hainbat ministro eta parlamentari; hala nola, Itamar Ben Gvir eta Bezalel Smotrich ministroak. "Espero dut palestinarrak desagertzea", adierazi du berriki Osher Shekalim parlamentariak.

Oraingoz, 700 familiak eman dute izena Gazako Zerrenda okupatzeko eta bertan bizitzeko, palestinarrak kanporatuta. "Urtebete baino gutxiagoan, juduak Gazara nola datozen eta arabiarrak nola desagertzen diren ikusiko duzue", esan du Daniella Weissek, mugimendu kolono sionistako buruetako batek. Antza, azken urtean berak antolatu ditu sionistentzako ontzi-bidaiak Gazako kostaldera, sionisten bonbardaketak eta palestinarren kontrako sarraskia gertutik "gozatzeko".

Aurrez ere eraiki dituzte kokagune sionistak Gazan

Ez litzateke izango "zibil israeldarrek" Gazan legez kanpoko kokalekuak jartzen dituzten lehen aldia. 2005ean, garaiko lehen ministro sionista Ariel Sharonen atzera-egite planaren barruan, kolonoek Gazan eraikitako 21 kokaleku bota behar izan zituen Israelgo Estatuak. Orain, "zibilak" aldarrikatzen ari dira prest daudela "Gazara itzultzeko", eta badirudi gutxienez sei kokagune sionista sortu nahi dituztela aurki Zerrendan.

Weissek harrotasunez dioen modura, 330 kokagune baino gehiago jarri dituzte jadanik "Judean eta Samarian" [hala esaten diete Israelgo Estatutzat jotzen den eremuari eta Zisjordaniari].

Jeneralen Plana martxan, iparraldean

Bitartean, Gazako Zerrenda iparraldean Jeneralen Plana deituriko operazio militarra mantentzen du Israelgo Estatuak. Kolonoek kokalekuak jartzeko daukaten planak bezala, palestinarren bortxazko kanporatzea eta garbiketa etnikoa ditu oinarri Jeneralen Planak: oraingoz, Zerrendako palestinar guztiak iparraldetik hegoaldera mugiarazi nahi dituzte, apurka-apurka, kanporaketa masibo bat gauzatzeko. "Bertan geratzen dena terrorista gisa kondenatuko da legez, edota gose- edo hondamen-prozesu bat ezarriko zaio", azaldu dute agintaritza sionistek.

Asmo horri lotuta, palestinarrei "ebakuatzeko" agindu masiboak ematen jarraitzen du Israelgo Estatuak. Igorritako huste-aginduek Zerrenda iparralde osoa hartzen dute jadanik, Jabalia barne. Indar sionistek berriki ekin diote Jabaliako errefuxiatu-andana indarrez mobilizatzeari, kontrol-postu batera bideratu eta handik botatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK