Israelgo intelitentzia-zerbitzuen dokumentu bat filtratu eta argitara eman dute berriki. Agiri horretan erakusten da sionistek badutela berariazko plan bat palestinarrak euren lurretatik botatzen jarraitzeko: zehazki, 2 milioi gazatar baino gehiago kanporatu nahi ditu Zerrendatik, 1948an Nakban egin bezala, Egiptoko Sinai eskualdera mugi daitezen.
Urriaren 13an idatzitakoa da dokumentua, urriaren 7tik sei egunera. "Gazako errealitatea aldatzeko" helburuari heltzen diote inteligentzia-zerbitzuek, eta argi diote zein den asmoa: gazatarrak Egiptora mugiaraztea, hasieran kanpin-dendetan bizitzera derrigortzea, eta, gerora, haientzat hiriak eta giza-korridoreak eraikiaraztea.
Hainbat iturrik baieztatu duten informazioak bat egiten du filtrazio horrekin. Financial Times-ek jakinarazi du Israelgo Lehen ministro Benjamin Netanyahuk eskaera zehatz bat egin diela Europar Batasuneko gobernuei: Egiptori presioa egin diezaiotela, hark errefuxiatu modura har ditzan sionistek Gazatik kanporatutako palestinarrak, Rafahko bidea irekita. Bide hori da, Gazako Zerrenda osoan, sionistek kontrolatzen ez duten bakarra.
Filtratutako agirian, sionistek ziurtzat ematen dute hainbat herrialde arabiarren kolaborazioa izango dutela palestinarren kontrako asmo horretan: Saudi Arabiarena, Turkiarena, Qatarrena, eta abar.
Urriaren 7an palestinar erresistentziak kontraerasoari ekin eta Israelek ofizialki gerra-egoera deklaratu zuenetik, ia milioi bat gazatarrek mugitu behar izan dute euren etxeetatik, nolabait, babes bila. Nagusiki, Gazako Zerrendako iparraldetik hegoaldera mugitu dira palestinarrak, sionisten bonbardaketa masiboen erdi-erdian. Gazan gaur-gaurkoz bizi diren palestinar gehienak errefuxiatuak dira, 1948ko Nakban euren lurretatik eta etxeetatik indarrez kanporatutako palestinarren ondorengoak.
400 hildako Jabalia errefuxiatu gunean
Egunero ikusten ari garen bezala, Gazako Zerrenda sarraskitzen jarraitzen du Israelek. Atzo bertan, beste sarraski erraldoi bat egin zuen; kasu honetan, Gazako Jabalia errefuxiatu gunean. Eremua goitik behera bonbardatu eta, gutxienez, 400 palestinar erail zituzten sionistek.
Urriaren 7tik hona, Gazan soilik, ia 9.000 palestinar erail dituzte Israelgo indarrek. Gazatarrei ezarritako blokeoa dela-eta, jasanezinak dira bizi-baldintzak: Zerrendan etenda daude argindarra, ur hornidura (ur gazia eta kutsatutakoa edatera heldu dira palestinarrak), erregai hornidura, laguntza humanitarioa, mediku-baliabideen bidalketa, telekomunikazio-bideak, Internet konexioa, eta abar.
Sionista genozidek, gainera, bonbardaketa etengabeak mantentzeaz gain, aurreko astean ekin zioten lurretik ere Gazara sartzen saiatzeari. Palestinar erresistentziak, ordea, gogor egin die aurre soldadu israeldarrei; Al Jazeera-k atzo jakinarazi zuen sionisten gerra-ibilgailuek atzera egin behar izan zutela, Gaza hirira hurbiltzen saiatzen ari ziren arren.