AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / LAB
2022/10/28 09:39

Oraingoz, ez dago metaleko hitzarmenaren inguruko akordiorik Bizkaian, eta lanuzteekin aurrera egin dute langileek. Atzo izan zuten aurreneko greba eguna —erantzuna %85ekoa izan zen sindikatuen esanetan—, gaur izango dute bigarrena, eta azaroaren 2an, hurrengo asteazkenean, joko dute grebara berriz. 52.000 behargin dira sektorean.

Ekainaren 23an, 30ean eta uztailaren 1ean ere greba egin zuten Bizkaiko metaleko langileek, baina irekita jarraitu du negoziaketak, eta ez dago patronalaren eta beharginen ordezkarien arteko adostasunik. Aste honetan bildu dira azkenekoz patronala eta sindikatuak, eta FVEMek proposatu du langileen soldatak gehienez %14 igotzea lau urteko epean. Zehazki, %6,5eko soldata eguneraketa izango litzateke aurten —iazko KPIaren araberako eguneraketa—, %2,5ekoa 2023an, %2koa 2024an eta %1ekoa 2025ean. Lau urte horietan, baina, KPIa %12 baino gehiago igoko balitz, %2ko igoera gehigarri bat aplikatuko luke 2025ean.

Beharginen ordezkariek diote "langileen erosteko ahalmena" bermatu nahi dutela itunaren bidez, eta ez dutela hori ahalbidetzen ez duen soldata-igoerarik onartuko; salatu dute, hain zuzen, ez duela langileen erosteko ahalmen hori ziurtatzen patronalaren proposamenak. Aurreko hitzarmenetan lortutako eskubideei heltzea ere zehaztu dute helburu modura; izan ere, une honetan mahai gainean dauden proposamenak "atzerapauso" bat dira 2019an lortutako hitzarmenarekin alderatuta, haien arabera. CCOO, LAB eta UGT sindikatuek hamalau eskaera egin dituzte; eskaera nabarmenenak dira, nagusiki, soldatak KPIaren arabera igotzea eta aldi baterako laneko enpresen erabilera mugatzea, gehienez hiru hilabetez jardun dezaten.

Sindikatu guztiek deitu dute grebara, baina zatituta: gehiengoa osatzen duten sindikatuak —CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT— doaz alde batetik, eta ELA bestetik. Langileen ordezkariek diote parte-hartze altua izan zela atzo, batez ere, Durangaldean. Tecuni, Arteche, Bombardier, DYF eta Vicinay lantegietan, esaterako, ekoizpena geratu zuten.

Beharginek barrikadak jarri zituzten Berrizen (Bizkaia) eta BI-604 errepidea moztu zuten Asuan (Erandio, Bizkaia). Horretaz gain, lantoki ugaritan egin zituzten piketeak, Ertzaintzaren etengabeko jazarpenarekin eta presentzia itogarriarekin kasu askotan; langile asko eta asko identifikatu zituzten. Eguerdian, bi manifestazio izan ziren; Iurretatik Durangora (Bizkaia) bat, eta Erandion beste bat.

Gaur ere goizean goiz ekin diete lanari piketeek, eta sindikatuek salatu dutenez, Ertzaintzak jarrera oldarkorra izan du beste egun batez. Barakaldon (Bizkaia) mobilizatuko dira gaur eguerdian metaleko langileak, eta azaroaren 2an, berriz, Bilbon (Bizkaia).

Ituna Nafarroan

Bestalde, Nafarroan berriki sinatu dute metalgintzako aurreakordioa patronalek eta UGT eta CCOO sindikatuek. Bost urtez egongo da indarrean ituna; besteak beste, datozen hiru urteetan soldatak %4,5 igotzea adostu dute. 36.000 behargin dira Nafarroako metalean.

EZ DAGO IRUZKINIK