AKTUALITATEA / Jazarpen politikoa
Sinadura-bilketa bat abiatu du Luberrik, Bilboko Konpartsetan normaltasunez parte hartu ahal izatearen alde
Aurten ere, Luberri Bilboko jaietatik kanpo utzi du Konpartsen Federakundeak. Egoeraren berri duten bilbotar gehienak irtenbidearen alde daudela iritzita hasi dira sinadurak biltzen, eskakizun argi batekin: "Aste Nagusiaren izaera herrikoia eta anitza errespetatuz, Luberriri ere parte hartzeko eskubidea onartzea".
2026eko maiatzaren 27 - 10:10
Sinadura-bilketa bat abiatu du Luberrik, Bilboko Konpartsetan normaltasunez parte hartu ahal izatearen alde

Bilboko (Bizkaia) Luberri Konpartsak agerraldi bat egin zuen atzo, azken hiru urteetako egoeraren berri emateko. Hiru urte baino gehiago igaro dira Bilboko Konpartsen Federakundearen parte izateko lehen eskaera egin zuenetik, eta azpimarratu du, denbora honetan guztian, "beste edozein herri eragilerena bezalakoa" izan dela bere helburua: "Bilboko Konpartsen parte izan eta Bilboko jaietan gainontzeko konpartsekin batera ekarpena egitea".

Lehen ezezkoa jaso zuenetik, erabakiarekiko desadostasuna hainbat modutan adierazi du Luberrik, atzo azaldu zuenez, "egoera bidegabe baten aurrean isilik geratzea ezinezkoa" zelako. Hala ere, argitu zuen ez duela "inoiz eten jaietan egindako ekarpena". Konpartsaren eguneroko jardunarekin jarraitu du, baita Aste Nagusiko egitarauak, beste konpartsekin elkarlanean egindako egitarauak eta Inauterietako ekimenak antolatzen ere. "Horren bidez frogatu dugu jaiak aberasten ditugula eta beste konpartsekin elkarlanean aritzeko gaitasuna dugula", zioen. 

Aterabide-proposamenei entzungor

Luberrik atzokoan salatu zuenez, "egoera bideratzeko eta elkarrizketa sustatzeko proposamen zehatzak" helarazi dizkio hainbat hilabetez Konpartsen Federakundeari. Hark, ordea, aurten ere kanpoan utzi ditu. "Blokeo egoeraren arrazoi nagusia Ezker Abertzalearen jarrera da, jaietatik kanpoko interes politikoak lehenetsi eta hasieratik Luberriren aurkako betoa sustatu duelako, Mugimendu Sozialistarekin duen harremana dela eta", seinalatu zuen Luberrik.

Gogorarazi zuen "Federakundearen sorreratik herri-mugimenduko dozenaka eragilek parte hartu dutela Bilboko Konpartsetan", eta "Luberrik ere beste eragile guztiek duten eskubide bera duela". "Luberri baztertzeak Bilboko Konpartsen aniztasunaren oinarria eta izaera parte-hartzailea kolokan jartzen ditu", gaineratu zuen.

Gehiengoa irtenbide baten alde

Luberri ziur agertu da egoeraren berri duen jendearen gehiengoa konponbide baten alde dagoela, eta horren erakusletzat jo ditu hainbat konpartsaren partetik jasotako babesa, herri-mugimenduko eragileen zein kulturgileen adierazpenak, eta Bilboko jaietan parte hartzen duten herritarren artean sortu den ezinegona. Horregatik, sinadura-bilketa bat jarri du martxan, eskaera zehatz batekin: "Aste Nagusiaren izaera herrikoi, anitz eta parte-hartzaileari jarraituz, Luberriri ere Bilboko Konpartsetan normaltasunez parte hartzeko eskubidea aitortzea". luberrikeskubideadu.com web-orria sortu dute sinadurak biltzeko

"Egoera hau luzatzeak Bilboko jai herrikoiei kalte baino ez die egiten", uste dute Luberriko kideek, eta berretsi dute "elkarrizketarako zein elkarlanerako prest" egoten jarraitzen dutela. Horrekin batera, "konponbide baten alde lanean aritu diren konpartsa, konpartsakide, eragile eta norbanako guztiei" eman dizkie eskerrak.