AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/04/19 22:21

Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak bideo baten bitartez jakinarazi du gaur, apirilaren 19an, etxegabetze bat izan dela Zapateria kaleko 36. zenbakian. Eguerdiko 13:00etan atarira bertaratu dira epaitegiko funtzionarioak, Gasteizko Udaltzaingoarekin batera. Sindikatuko hainbat kide zeuden han etxegabetzea salatzeko.

Sindikatuak bere adierazpenetan esan bezala, "beste alternatibarik ez zuten bost pertsonentzako etxebizitza izan da" gaur hustutakoa, eta urtebete baino gehiagoz egon dira han bizitzen. Etxebizitzaren legezko jabeak etxegabetze ilegal bat gauzatzen ahalegindu ziren orain dela urte bat, baina Etxebizitza Sindikatuaren esku-hartzeari esker lortu zen kaleratzea geratzea. Ondoren izan zen jabeek martxan jarritako epaiketa, baina ebazpena ez zen haien aldekoa izan.

Sindikatuak jakinarazi duenez, kolektibotik eskaini zizkieten proposamenei uko egin zieten jabeek. Horien artean, prezio baxuko alokairu bat ordaintzeko aukera eskaini zieten; azkenerako, baina, "bigarren prozedura judizial baten ostean, etxegabetze agindua lortu dute".

Etxegabetzen jarraitzen dute

Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, etxegabetzeen luzamenduak arazoa denboran luzatu baino ez du egiten, eta ez ditu hainbat kasu aurreikusten. Horien artean, gaur Gasteizen jazo den etxegabetzea aipatu dute. Egunerokotasunean ikusten den arazo baten beste adibide bat dela esan dute sindikatuko kideek eta, horretaz gain, "zorionez bost kide hauek antolatuta" daudela eta sindikatutik "bizileku berri bat" lortu zaiela. Bada, nabarmendu dute oraindik ere hainbat direla isilpean gauzatzen diren etxegabetzeak, eta horiei aurre egiteko "antolakuntza komunistan" sakontzera dei egin dute.

EZ DAGO IRUZKINIK