AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/04/11 11:38

Gasteizen (Araba) parkeetako eta gune berdeetako lorezaintzan lan egiten duten beharginek martxoaren 26an hasi zuten greba mugagabea, lan-baldintzak hobetu ahal izateko hitzarmen kolektibo propio baten alde. 90 langile inguru dira, eta ia guztiek egin zuten bat greba-deialdiarekin. Orain ere, euren lan-baldintzen defentsan borrokan segitzen dute, eta jasaten duten lan-prekaritatearen erantzuletzat jotzen dituzte bai zerbitzua kudeatzen duen Enviser enpresa bai hura azpikontratatuta daukan Gasteizko Udala.

Gaur, udala erantzule dela salatzeko asmoz, langileek eserialdi bat egin dute San Martinen kokatutako udal-bulegoetan. Besteak beste, Espazio Publikoko zinegotzi Beatriz Artolazabalen (EAJ) erantzukizuna seinalatu dute. Aste honetan bertan, lorezaintzako langileen borroka kriminalizatzen saiatu da Artolazabal. Ertzaintzak kanporatu ditu langileak bulegoetatik, beste behin ere, grebalarien aurka esku hartu baitute polizia-indarrek.

Gasteizko Kontseilu Sozialistaren parte den Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) parte hartu du gaurko protestan ere, beharginekin elkartasunez. "Politikari profesionalen biktimizazioaren eta hedabideen intoxikazioaren aurrean, lorezainek argi daukate udalak haien lan-baldintzen prekaritatean daukan erantzukizuna", aldarrikatu du LASek. Salatu izan du, Artolazabal zinegotziak hilean ia 6.000 euro irabazten dituen bitartean, batez beste 1.100 euro inguru kobratzen dituela Enviserreko langile batek.

EZ DAGO IRUZKINIK