Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak urriaren 7an salatu zuen hilabeteak zeramatzatela kale-egoeran Maliko asilo-eskatzaile ugarik, eta egoera berean jarraitzen dute oraindik. Horiek horrela, klase-elkartasuna antolatzen ari dira Arabako hiriburuan: elkartasun-bilketa bat eta mobilizazio bat egingo dituzte bihar, ostirala, arratsaldez.
17:00etatik 19:00etara bitartean izango da bilketa, Salburuako Gizarte-Etxean. Hotzari aurre egiteko materiala bilduko dute nagusiki, kalean dauden maliarrentzako: mantak, lo-zakuak, kanpin-dendak... Horren ondoren, 19:30ean, Atzerritartasun Bulegoen (Olagibel kalea, 1) aurrean egingo dute mobilizazio bat, kale-egoeran dauden asilo-eskatzaileentzako konponbide bat exijitzeko.
Sindikatuak gaineratu duenez, "instituzioen utzikeria eta asilo-prozesuaren epeen eta eskakizunen zentzugabekeria" salatuko dituzte protestan. Izan ere, prozesu burokratiko amaigabeak inposatzen dizkiete asilo-eskatzaileei, eta kalean eta miseriazko baldintzetan mantentzen dituzte bitartean.
"Pertsona horiek hilabeteak daramatzate kalean bizitzen, gutxieneko zerbitzurik gabe, eta erakunde bakar batek ere ez du egoera bere gain hartu. Soilik boluntario taldearen, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren eta beste kolektibo batzuen antolakuntzari esker izan da posible pertsona horiei gutxieneko baliabideak ematea, hala nola neguko arropa, mantak eta janaria", azaldu dute sindikatutik.