AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Gasteiz Hoy
2025/09/17 12:02

Gerratik ihesi Malitik alde egin behar izan duten hainbat eta hainbat pertsona Gasteizera (Araba) mugitzen ari dira (Gasteiz Hoy-ren arabera, 100 bat izan dira jada), Espainiako Polizian asilo-eskaerak egiteko. Eskaera horien tramite luzeak egiten dituzten bitartean, ordea, kale-egoeran daude guztiak, ziurgabetasun osoko egoeran. Haietako hainbat lekualdatu dituzten arren, Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, egunero iristen dira maliar jatorriko pertsona gehiago Salburuara, eta gaua kalean egitera beharturik ikusten dute euren burua. Betoñoko arkupeetan igarotzen dute gaua askok, Espainiako Poliziaren komisaria parean.

Aste hauetan zehar, bizilagun ugari hurbildu dira Maliko errefuxiatuengana, oinarrizko hainbat baliabide emateko: janaria, arropa... Batzuek asteak daramatzate kalean bizitzen, euren asilo-eskerak martxan jarri eta izapidetu ditzaten esperoan. Gasteiz Hoy-k jaso duenez, EAEn 1.000 pertsona inguru daude euren asilo-eskaerak onar ditzaten zain, Gasteizen eta Donostian (Gipuzkoa) sakabanaturik. Horietatik 300 bat dira maliarrak.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren bilketa, gaur eta etzi

Kale gorrian dauden pertsona horiekin elkartasunez, oinarrizko produktuen bilketa bat antolatu du Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Neguko arropa, mantak, maindireak eta janaria bilduko dituzte, gero, kalean dauden maliarrei eman ahal izateko. "Miseriaren aurrean, klase-elkartasuna" aldarrikatu du sindikatuak.

Biharko, irailaren 18rako, Gasteizko Alde Zaharrean jarri du hitzordua: 18:00etatik 20:30era bitartean izango da bilketa, Faroloian. Hurrengo egunean, irailaren 19an, Aranako Plazan eta Bulevar de Salburua kaleko 26. zenbakian arituko dira oinarrizko produktuak biltzen, 17:30etik 20:00etara.

EZ DAGO IRUZKINIK