AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Arabako Alea
2021/01/26 23:40

Gasteizko (Araba) Los Herran kaleko 15. atarian bizi ziren hamabost pertsona etxegabetu zituzten atzo, inolako "alternatibarik gabe", Etxebizitza Sindikatuak salatu zuenez. Udaltzainak nahiz ertzainak bertaratu ziren etxe kaleratzea gauzatzera, eta eraikin birjabetuan bizi ziren lagunak modu bortitzean kaleratzeaz gain, goizetik kanpoaldean protesta egiten ari ziren pertsonen aurka ere egin zuten. Atzerritartasun Bulegora eraman zituzten bi lagun, hiru kide atxilotu zituzten eta gutxienez lau pertsona ospitaleratu behar izan zituzten.


Eguerdian Emergentziazko Gizarte Zerbitzuen egoitzaren aurrean egin zuten protesta hainbat eta hainbat pertsonak eta, iluntzerako, elkarretaratzea antolatu zuen Etxebizitza Sindikatuak. 20:00etan udaletxe aurrera bertaratzera dei egin zuten, eta ehunka pertsona bildu ziren han, etxegabetzea salatzeko nahiz "etxebizitza alternatiba bat" exijitzeko kale gorrian geratu ziren kideentzako. Besteak beste, "espazioen gaineko langile kontrola" ere aldarrikatu zuten protestan bildu zirenek.


AZKEN BERRIAK


Etxebizitza Sindikatuko kideek gau aldera eman zuten azken albisteen berri. Goizean atxilotutako hiru lagunak aske geratu zirela jakinarazi zuten, baita Los Herran kaleko eraikinetik kanporatua izan zen familia batentzako etxebizitza alternatiba bat lortu zutela ere. Beste zazpi pertsona, ordea, "oraindik kalean" zeudela azaldu zuten, nahiz eta sindikatutik leku bat bermatu zieten pasa den gaua igarotzeko.


Iluntzeko elkarretaratzeko irudiak ikusteko, sartu Etxebizitza Sindikatuaren Twitter kontuan, hemen

EZ DAGO IRUZKINIK