AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/11 09:12

"Beste urte batez, txosnagunetik kanpo utziko gaituzte datozen Gasteizko (Araba) jaietan", jakinarazi zuten atzo Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Izan ere, "aurtengo urtea bazterketa politikoa alde batera utzi eta konponbidea lortzeko urtea zela zirudien arren", Mugimendu Sozialistako bi antolakunde horien aurkako beto politikoa mantenduko dute txosnagunean: "Sortu eta bere ingurua ordezkatzen duten eragileek gu sartzearen aurkako jarrera izan dute beste behin, blokeoa mantentzen pisu nabarmena izanik". 

Mugimendu Sozialistak txosnagunean parte hartzeko duen eskubidea gero eta jende gehiagok babesten duela ikusirik, Txosna Batzordeak iaz esan zuen, "urritik aurrera, irtenbide bat lortzeko lanean jarriko zela". Aurten are eragile gehiago lerratu dira aterabide baten alde, eta "aukera eta proposamen ezberdinak mahaigaineratu" dituzte ikasturtean zehar, GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak txosna jartzeko eta festetan normaltasunez parte hartzeko aukera izan zezaten. "Eskerrak eman nahi dizkiegu eragile horiei", esan zuten atzo Mugimendu Sozialistako antolakundeek.

Aterabide posibleei entzungor

"Gasteiztar andanak betoarekiko kontrakotasuna adierazi duen arren" eta irtenbide posibleak aurkeztu diren arren, "hasieratik gertatu den bezala, Mugimendu Sozialistako eragileok kanpoan uzteko asmoarekin jarraitzen dute" Ezker Abertzaleak eta bere inguruak; baita Jardun Koordinadorak ere. Entzungor egin diete aterabide baterako proposamenei, eta, boto bidez, berriz debekatu diete GKSri eta Etxebizitza Sindikatuari txosnagunearen parte izatea.

"Ez dugu ulertzen Jardun Koordinadorak gu kanpoan uzteko jarrera berdina izatea, Euskal Herriko plataforma zein espazio ezberdinetan arazorik gabe elkarlanean aritzen garen bitartean" seinalatu du konkretuki Mugimendu Sozialistak.

Lanean jarraitzeko konpromisoa

"Jaiak bertan daude eta bazterketa ulertezin hau berriro errepikatuko dela dirudi", diote Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Hala eta guztiz ere, azaldu dute "jaiei begira egoera hau salatzen" jarraituko dutela, eta "jaietan gure aldarriek eta egitarauek lekua izango dutela", euren ekimenez. Datozen egunetan emango dute xehetasunen berri.

EZ DAGO IRUZKINIK