AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/02/11 13:45

Parisko polizia-suprefekturak manifestazio oro debekatu eta dispositibo berezia ezarri du, eta gaurtik hurrengo astelehenera bitartean izango da indarrean. Izan ere, Askatasunaren convoy izeneko plataformak auto-karabana ugari antolatu ditu Frantziako Estatuan barrena, neurri murriztaileen aurka protesta egiteko. "Ordena publikoko istiluen arriskua" aitzakiatzat hartuta, protesta-ekintza oro debekatu dute Parisen.

Kanadan gauzatu diren mobilizazioak eredu modura hartuta, Frantziako Estatuko lurralde administratibo osoan zehar abiatu dituzten auto-ilarak ostiral honetan Parisen zentralizatzea eta "hiriburua blokeatzea" espero da. Horren aurrean, autoritateek ehunka agente bidali dituzte bidesarietara, karabanak geldiarazteko, isunak ezartzeko zein atxiloketak egiteko asmoarekin. Horrez gain, jendarmeek ibilgailu blindatuak atera ditzakete edozein unetan.

Manifestazio eskubidearen muga

Debekatutako manifestazio bat antolatzen duenari "sei hilabeteko espetxe-zigorra eta 7.500 eurora arteko isuna" ezar dakioke Frantziako Estatuan, eta bertan parte hartzen dutenei, aldiz, "laugarren mailako isun bat". Gauzak horrela, jarraibide zorrotzak eman dizkiete indar polizialei; "xedapenok hausten dituztenei aurre egiteko".

Gidarien aurkako zigorrak

Parisko poliziak mehatxu zuzena jaurti die karabanen antolatzaileei zein partaideei: "Zirkulazio kodearen arabera, trafiko publikorako irekitako bide bat oztopatzeak edo zailtzeak bi urteko espetxe zigorra, 4.500 euroko isuna, ibilgailua konfiskatzea, gidabaimeneko gehienezko puntu kopurua erdira murriztea eta gidabaimena hiru urtera arte etetea dakar".

EZ DAGO IRUZKINIK