AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Diari La Veu del País Valencià
2024/03/05 07:59

Joan den larunbaterako, Magdalena festen barruan, musika emanaldi bat antolatu zuten Castellóko (Valentzia) La Cosa Nostra zentro sozialean. Udalak debekatu egin zuen kontzertua kalean egitea; beraz, zentro barruan izan zen emanaldia. Kanpoaldean, dena den, jendetza bildu zen jai-giroan; ehunka pertsona elkartu ziren Sant Miquel kalean.

Diari La Veu del País Valencià atariak jakinarazi duenez, bat-batean, 30 faxista inguru bertaratu ziren zentro kanpoaldera, armaturik. Bateak eta burdinazko barrak zeramatzaten, eta eraso egin zieten inguruan zeuden pertsonei. "Ondo planifikatutako eta prestatutako erasoa izan zen. Martxoaren 9ko kaletik sartu ziren, jende gutxien eta adineko pertsona eta haur gehien zeuden kaletik, horrela, kalte handiagoa egin baitzezaketen zailtasun gutxiagorekin", azaldu dio lekuko batek aipatutako egunkariari.

Bertan zeuden hainbat lagunek aurre egin zieten faxistei eta, azkenean, lortu zuten haiek kanporatzea. Eraso faxistan, baina, dozenaka pertsona zauritu zituzten, horietako bat larriki: buruan jo zuten burdinazko barra batekin, eta lurrera jausi zen. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) dago une honetan.

Identifikatutako faxistak eta Poliziaren babesa

Lekukoek jakinarazi dutenez, erasoan parte hartu zuten faxistek aurpegia estalita bazeramaten ere, lortu dute horietatik hainbat identifikatzea. Frente Orellut taldeko (Castelló Kirol-Klubeko zaletuen talde faxista) zenbait kide ezagutu zituzten. Erasotzaileetako bat, hain zuzen ere, aski ezaguna da hirian: duela gutxi kondenatu dute, 2017an hainbat independentista valentziarri eraso egiteagatik.

Poliziak, gainera, babesa eman zien larunbateko erasoan izan ziren faxistei. Itxura denez, erasotzaileak bertaratu aurretik hainbat polizia-agente zeuden inguruan, eta haiek agertzean, justu, alde egin zuten. Baina erasoaren ostean izan zen deigarrien Poliziaren esku-hartzea: zentro sozial inguruan zeuden pertsonek faxistei aurre egin eta haiek kanporatzea lortu zutenean, hainbat udaltzain azaldu ziren eta polizia-lerro bat osatu zuten, erasotzaileak babesteko eta tokitik ihes egin zezaten ahalbidetzeko.

La Cosa Nostrako kideek gogorarazi dute Antonio Ortolá dela Castellóko Segurtasun zinegotzia eta, beraz, bera dela udaltzainen arduraduna. Frente Orellut talde faxistaren harmailan egon izan da Ortolá, eta mobilizazio faxistetara deitu izan du Valentziako PSOEren egoitza aurrean. Abokatua da, bestalde, eta 2017an independentistei eraso zieten faxistak defendatzen aritu da, abokatu gisa.

EZ DAGO IRUZKINIK