2024ko lehenengo sei hilabeteetako balantzearen berri eman du Mondragon Korporazioko Eroski enpresak, eta badirudi goranzko joerari eusten diola. Salmenta gordinak 2.865 milioi eurokoak izan dira, eta %2,5 igo da bere fakturazioa, iazko epe berdinarekin alderatuta. Emaitza positiboa mantentzen du, beraz: 50,2 milioi euroko irabaziak, 2023ko lehen seihilekoan baino 19,7 gutxiago.
Elikagaien salmentari egin dio azpimarra Eroskiko zuzendaritzak. Izan ere, elikagaien salmenta gordina 2.722 milioi eurokoa izan da aurtengo lehen seihilekoan, iazko epe berdinean baino %3,3 gehiago. "Lehiakortasunaren" izenean, "prezioei eusteko" egin duen enpresa-apustuarekin lotu ditu emaitzak Eroskik.
Datuen berri emanda, enpresako zuzendari Rosa Carabelek harrokeriaz esan du, 2024ko lehen seihilekoan, "prezioak txikitu" dituztela "5.700 produktutan baino gehiagotan". Badirudi ahaztu egin duela, baina, FACUA kontsumitzaileen elkarteak iaz jakinarazitako iruzurra: Espainiako Estatuko zortzi supermerkatu-katek, tartean Eroskik, ez zuten erabat bete gobernuak BEZari ezarritako murrizketa, eta gutxienez 52 produktutan mantendu zituzten BEZaren prezio baliokideak.
Miseriaren kontura aberasten
Azken bi urteetan, orokorrean, etenik gabe egin dute gora oinarrizko produktuen prezioek. Gobernuak BEZari jarritako murrizketek (atzo esan zioten agur beherapenari) ez dute lortu prezioen gorakada historikoa eta langileriaren pobretze sistematikoa gelditzea, enpresa handiek miseriaren kontura aberasten segitu duten bitartean. Horixe da Eroskiren kasua ere: 109 milioiko irabaziak izan zituen 2023an, 2021eko emaitzak hobetuz.