AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Eroski
2022/11/18 21:59
Azken 14 urteetako emaitzarik onenak izan zituen Eroskik 2021. urtean, 105 milioi euroko irabaziak. Hala, atzean utzi ditu larrialdi-egoeran bidaien eta gasolindegi zerbitzuen alorrean jasandako galerak. Elikaduraren negozioa da taldearen emaitza onen buru, eta adierazle nagusiek pandemiaren aurreko mailetan kokatzen dute berriz ere.

Agustin Markaide Eroskiko presidente zenak Crónica Vasca-ri maiatzean pozez zoratzen azaldu zion urtea "guztiz positiboa" izan zela enpresarentat. Banaketa taldeak "bilakaera ona" sumatzen du elikaduraren negozioan, pandemiaren aurreko etapan baino are hazkunde-erritmo hobeak baititu. Gasolindegiei, bidaia-agentziei edo kirol-dendei dagokienez, 2021ean, beherakada bat sumatzen zuten oraindik. Hala ere, ikusteke dago erregaien prezioen gorakadak nola eragingo duen 2022ko emaitzetan.

Markak hausten

Eroski taldeak 104,61 milioi euroko irabaziekin itxi zuen urtea 2022ko urtarrilaren 31n. Zifra potoloa, 2020ko 77 milioitik gorako galerekin alderatuta. Osasun-larrialdiak erabat markatutako urte hark ezohiko irabaziak eman zizkien salmenten arloan, konfinamenduek etxeetako gastua handitu zutelako.

2020ko balantze negatiboak adierazten duenez, baina, pandemiari eusteko hartu zituzten neurriek galerak ere ekarri zizkieten. Nolanahi ere, Mondragon Korporazioko taldea zenbaki gorrietatik atera da urte batetik bestera, 2007tik ikusi gabeko emaitzekin. Izan ere, negozioak gorantz darrai elikagaien sektorean: %15,4 igo dira jakien prezioak urtebetean, 1994az geroztik izandako marka altuenekin. Inflazioa, oro har, %7,3koa izan da urrian. Hori gutxi balitz, Eroskik online negozioaren zati handi bat sendotu zuen 2020an, konfinamenduak eragindako kontsumo-ohituren aldaketaren ondorioz.

"Jarduera aldekoa izan da, emaitza arruntak azken ekitaldietako joera positiboari eusten dio eta gure lehiakortasunaren hobekuntza berresten du", aitortu zuen Markaidek. Kostu elektrikoen aparteko igoeragatik ez balitz, Elorrion egoitza duen kooperatibak beste 28 milioi euro irabaziko zituen.

Zorraren murrizketa

Berebiziko irabaziei esker, enpresak 443 milioi euroan murriztu zuen finantza-zorra, 953 milioitan uzteraino. Hala, 2009. eta 2022. urteen artean, 2.470 milioi euroko zorrak kitatu ditu guztira. "2021aren amaierarako ezarritako zorraren amortizazio-helburuak beteko ditugu, espero genuena baino gehiago". Markaideren esanetan, 1.000 milioitik beherakoa da Eroskiren banku-zor finantzarioa. Bestalde, Eroski S. Coop. enpresa nagusiak 58,7 milioi euro irabazi zituen 2021ean. Maiatzaren 26an batzar orokorra egin zuen, 9.000 bazkide baino gehiagorekin eta 629 bazkide berri sartu ondoren.

Merkatu eta azpiegitura zabala

Elikaduraren sektorean ez ezik, elektronikan, etxeko gailuetan, koltxoietan, aseguruetan, bidaia-agentzietan, gasolindegietan, lurrin-dendetan, kirol-dendetan eta optiketan ere negozioa egiten du Eroskik. Horretarako 1.645 saltoki ditu Espainiako Estatu osoan banatuta gaur-gaurkoz, 1.090 bere jabetzakoak eta 549 frankizian emanda. Hego Euskal Herrian bakarrik, 523 saltoki ditu. Horien artean 382 dira propioak eta beste 141 frankiziak.

EZ DAGO IRUZKINIK