AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/13 08:56

2025. urtea hasi berri den honetan, Euskal Herriko 140 preso politiko inguruk jarraitzen dute atxilo. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) 122 presoak, arrazoi politikoengatik kolektiboa utzi duten hamarrak eta arrazoi berengatik edo bestelakoengatik kolektiboaren parte ez diren beste batzuk (Berria-ren arabera hamar bat izan daitezke) hartzen dira kontuan zenbaketa horretan. Bukatu berri den urtean, 2024an, zortzi pertsona geratu dira aske zigorra osorik beteta, eta hamabi utzi dituzte baldintzapean aske.

Frantziako Estatuan gatibu daude Euskal Herriko gutxienez bost preso politiko, lau Lannemezanen (Euskal Herritik ia 300 kilometrora) eta bat Reaun (ia 900 kilometrora). Gehienak, ordea, Hego Euskal Herriko espetxeetan dituzte gaur egun: gutxienez 56 Zaballan (Araba), 29 Martutenen (Gipuzkoa), 11 Basaurin (Bizkaia) eta bost Iruñean (Nafarroa). Beste gutxienez 35 lagun etxean ari dira kartzelaldia betetzen, kontrol-neurriekin, eta Besarkada Etxea programaren barruan dago beste bat.

Gutxienez zazpi dira 65 eta 70 urte artean dituzten presoak, eta hiru 70 urteak gainditu dituztenak. Batez beste, 50 urte inguru dituzte zenbaketetan kontuan hartutako pertsonek. Hamalau preso politikok daukate gaixotasun larriren bat, gainera.

20 urtetik gora kartzelan, eta aldaketak ikusteke

Preso horien artean, gutxienez hiru dira espetxean 30 urtetik gora daramatzatenak: Jose Mari Dorronsoro, Unai Parot eta Iñaki Bilbao. Naiz-en zenbaketak aurreneko biak baino ez ditu aipatzen, Bilbaok arrazoi politikoengatik utzi baitzuen EPPK. Komunikabide horren arabera, gutxienez 75 preso dira, bestalde, kartzelan 20 urte baino gehiago bete dituztenak, eta gutxienez hamahiruk daramatzate 25 urte baino gehiago giltzapean.

7/2003 delako legeak aldaketarik gabe daramatza 22 urte, PPko Jose Maria Aznar presidente ohiaren eskutik. Etxerat kolektiboaren hitzetan, Espainiako Auzitegi Nazionalak zehaztuta dauka 40 urtera luzatuko zaiela espetxe-zigorra gutxienez hamalau preso politikori.

Gradu-progresio posibleak

EPPK-ko 41 lagun daude hirugarren graduan, baina beste gutxienez 49k betetzen dituzte gradu horretan sartzeko baldintzak, zigorraren erdia egin baitute jadanik. Horietatik 25ek, gainera, hiru laurdenak bete dituzte, eta baldintzapean aske geratzeko moduan egongo lirateke legez.

7/2014 lege organikoa erreformatu izanak preso horien egoera aldatu beharko luke laster, gradu-progresioei dagokienez. Dena den, EAJ eta PSE-EE alderdiek EAEn egindako gobernu-akordioaren barruan, PSE-EEren esku geratu da Justizia eta Giza-Eskubideen Saila, eta ikusteke dago zer ekarriko duen horrek. Maria Jesus San Jose sailburuak uztailean esan zuen preso politikoek "egindako kaltearengatik damututa" irten beharko luketela kartzelatik.

Presoren eskubiderik oinarrizkoenak, urratuta EAEn

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak dira presondegiak gaur egun. Horietan gatibu dauden preso politikoei, dena den, oinarrizkoenak diren eskubideak urratzen jarraitzen dute. Esaterako, hainbat preso politikok iazko ekainean jakinarazi zuten, gutun baten bidez, zer gabezia jasaten ari ziren komunikazioaren alorrean: bisitak baldintza negargarrietan egitera behartzen zituzten, lokutorioetako arazo teknikoak zirela-eta. Lokutorio greba batera jo zuten beraz, eta hura irabazi zuten.

Lehenago, iazko ekainean, beste gutun bat argitaratu zuten EAEko kartzeletan giltzapeturik dauden hainbat presok, salatzeko aurrez aurreko bisiten kopurua gero eta txikiagoa dela eta "iraupenez laburragoak" direla. Hori gutxi balitz, ohartarazi zuten Jaurlaritzak dozenaka laguni debekatu ziela preso politikoei bisitan joatea, baita espetxeetako askotariko ekitaldietan parte hartzea ere, arrazoi politikoek gidatutako zerrenda beltz bat osatuta. Gutun hori plazaratu eta egun gutxira egin zuten agerraldi bat hainbat preso politikoren senideek eta lagunek.

Hori gutxi balitz, Tinkok joan den abenduan seinalatu zuen Zaballako kartzelarien ezkutuko greba posibleak ehunka preso utzi zituela euren gertuko pertsonen edo abokatuen bisitarik gabe. Presoek jasan behar dituzten bakartze-baldintzetan sakondu du funtzionarioen greba ez-ofizialak, eta eragina izaten jarraitzen du une honetan.

EZ DAGO IRUZKINIK