AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Dario Pignatelli
2024/03/22 09:23

Azken egunetan, Europar Batasunaren (EB) goi-bilera bat izaten ari da Bruselan. Besteak beste, "defentsari" lotutako inbertsioen gorakadaz eta gastu horien ordainketaz ari dira hizketan estatu kideetako agintariak. Izan ere, badirudi funtsak "mobilizatzeko" moduez eztabaidatzen ari direla, eta Europa "berrarmatzeko" eta gastu militarrei aurre egiteko "aukera guztiak" aztertuko dituela EBk.

Itxura denez, mahai gainean dagoen aukeretako bat da EBk gastu militarrari lotutako zor bateratu bat jaurtitzea. Formula horren alde egin zuen, esaterako, pandemia-garaian sortutako larrialdi-funtsa finantzatzeko. Zenbait estatu horren alde agertu dira; hala nola, Frantzia, Polonia eta Estonia. Alemaniak, dena den, ezezko jarrera erakutsi du oraingoz.

Zentzu horretan, EBk "gonbidapen bat" luzatu dio Europako Inbertsio Bankuari (EIB): bere mailegu-politika alda dezala eta, horrela, industria militarrari bultzada bat eman diezaiola eskatu dio; beti ere, bere "finantza-gaitasuna" babestuta. Gastu militarretarako "eurobonoak" sor ditzala ere proposatu omen diote hainbat goi-agintarik eta estatuk EIBri.

Europako Batzordeko presidente Charles Michelek berriki esan du "Bigarren Mundu Gerraz geroztik segurtasunaren aurka izan den mehatxurik handiena" dela une honetakoa. "Neurri erradikal eta konkretuak hartzeko garaia da, defentsarako prest egoteko eta EBko ekonomia ere gerrarako prest jartzeko", gaineratu du.

Europako Kontseiluak Europako Batzordeari eskatu dio txosten bat aurkez dezala datorren ekainean, EBk gastu militarrei dagokienez dituen finantziazio-beharrak asetzeko moduei buruz.

EZ DAGO IRUZKINIK