Europak berebiziko garrantzia du Amerikako Estatu Batuak eta Israel Irango Errepublika Islamikoaren aurka egiten ari diren gerran, nahiz eta bertako buruzagiek ezkutatu egiten duten hori, gatazka publikoki kritikatzen dutenean. Hala erakusten du Wall Street Journal egunkariaren ikerketa batek: Erresuma Batuan, Alemanian, Portugalen, Italian, Frantzian eta Grezian dauden base militarrak erabiltzen ari dira Iran zuzenean bonbardatzen duten hegazkin estatubatuarrak erregaiz hornitzeko, armatzeko eta jaurtitzeko. Ramsteingo basea (Alemania) dronen operazioen gune neuralgiko bihurtu da, eta RAF Fairforden (Erresuma Batua), berriz, munizioa eta erregaia lortzen dituzte B-1 bonbaketariek. USS Gerald R. Ford hegazkin-ontzia, munduko handiena dena, Souda Bayko (Kreta) itsas-basean konpontzen ari dira, sute bat izan ondoren. Gainera, Alexus Grynkewich jeneralak, NATOko komandante militar gorenak, Senatuaren aurrean adierazi du Europako aliatu gehienak "oso solidarioak" izan direla.
Erretorika ofizialaren eta errealitateko gertakarien arteko kontraesanak agerikoak dira. Erresuma Batuak hasieran esan zuen debekatu egingo zuela bere baseak bonbardaketetarako erabiltzea, baina atzera egin zuen gero. Orain "defentsarako" misioak baimentzen ditu RAF Fairfordetik eta Diego Garciako basetik, Indiako ozeanoan. Alemaniak, bestalde, behin eta berriz esan du honakoa "ez dela bere gerra" eta ez duela ekintza militarretan parte hartzen, baina bere instalazioetan dago operazio osoaren aginte- eta komunikazio-zentroa. Horrez gain, C-17 eta C-130J hegazkinen aireko zubi etengabe bat dago zabalik, Golkora langileak eta munizioa daramatzatenak. Friedrich Merz Alemaniako kantzilerraren bozeramaileak aitortu zuen Estatu Batuek Ramstein eta beste base batzuk erabil ditzaketela, duela hamarkada batzuetakoak diren akordio legalen arabera. Frantziak, bestalde, AEBetako zisterna-hegazkinek Istres-Le Tubé basetik lan egitea baimendu du; nahiz eta Catherine Vautrin Defentsa ministroak "gasolindegi" gisa kalifikatu dituen horiek, eta ez "ehiza-hegazkin" gisa. Italiak ere hartzen ditu berriz hornitzeko hegazkinak Avianoko basean, Giorgia Meloni lehen ministroak ziurtatu duen arren operazioek ez dutela "bonbardaketarik" eragiten.
Espainiako Estatua salbuespen?
Wall Street Journal-ek eta nazioarteko hainbat hedabidek Espainiako Estatua "salbuespen bakartzat" jotzen badute ere, Pedro Sanchezen gobernuak AEBei "ukatu" egin zielako Rotako eta Morongo baseak erabiltzea Iranen aurkako eraso zuzenetarako (Donald Trumpen eta Lindsey Graham senatariaren haserrea eragin zuen keinu horrek, Estatu Batuetako instalazio militarrak Espainiatik erretiratzea eskatu baitzuen), nahikoa izan da Flightradar24 aire-jarraipenerako plataformaren datu publikoetara jotzea Rotako eta Morongo baseetako jarduera militar bizia egiaztatzeko.
Otsailaren 27tik martxoaren 5era bitartean, herritar partikular batzuek, hegazkinzaleak eta inguruko bizilagunak direnak, gutxienez 40 aire-mugimendu erregistratu zituzten. Iranen aurkako erasoei zeharka lotutako mugimenduak izan ziren, borrokarako eta laguntza logistikorako 24 hegazkin aireratzea barne; hala nola, C-17 Globemaster eta C-130 Herkules hegazkinak eta KC-135 Stratotanker zisterna-hegazkinak. Ezinbestekoak dira horiek Irango lurraldea bonbardatzen duten ehiza-hegazkinak hegaldian hornitzeko.
Jarduera horren berri eman zuen Reuters agentziak, eta otsailaren 28an Alemaniara aireratu ziren zortzi zisterna-hegazkin ere barne hartu zituen, Teheranen aurkako bonbardaketak hasi ziren egun berean. Azken batean, espainiar baseetan aparkatutako hegazkin batzuk Alemaniara eta Frantziara eraman dituzten arren, AEBetako aire-ontzi militarrek Rotan eta Moronen geldialdiak egiten jarraitzen dute. Europako beste instalazio batzuetara lekualdatzen dira handik, bertatik prestatzen baitituzte zuzeneko erasoak. Kontraesana Europako gainerako herrialdeen ia berdina da, beraz: liderrek gerra kritikatzen dute, baina euren lurraldeak bonbardaketak jaurtitzeko plataformak dira.
40 base eta 80.000 soldadu estatubatuar Europan
Aditu batzuen azterketa bat aipatzen du Wall Street Journal-ek, eta horren arabera, Kontinenteak 40 base eta 80.000 soldadu estatubatuar inguru ditu. Horien bidez, Amerikako lurraldetik lortutakoa baino askoz ere indar-proiekzio azkarragoa eta ekonomikoagoa eskura dezakete. Bence Nemethek (Londresko King's Collegeko aditua defentsan) ohartarazi duenez, lotura horiek mozteko edozein ekintza "galera handia izango litzateke Estatu Batuentzat; denbora, dirua eta baliabideak kostako lirateke". Baina Europarentzat ere hala da finean, Washingtonekiko mendekotasun militarraren eta herritarren arteko borondatearen artean eztabaida sortzen baita: AEBen kanpaina militarrei gero eta mesfidantza handiagoarekin begiratzen zaie, ondorio energetiko eta humanitario larriak dakartzaten heinean.