AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/31 18:37
Urtebeterako Euriborrak %3,86ko indizearekin itxi zuen maiatza. Ondorioz, ekainean berrikusiko diren tasa aldakorreko hipotekak hilean 300 euro inguru garestitu dira, 3.600 euro inguru gehiago urtean. Espainiako Estatistika Institutuak (INE) 25 urterako 150.000 euroko maileguaren batez bestekoaren arabera ateratako zenbatekoa da, eta Espainiako Estatuko hipoteka ohikoena zenbat garestituko den aurreikusteko balio du.

Mailegu berrien edo subrogatzen diren kredituen kostuak ere gora egin du, tasa aldakorrean, tasa finkoan zein mistoan. Perspektiban jartzearren, 2022ko maiatzean Euriborrak ozta-ozta gainditu zuen %0ko indizea. Handik bi hilabetera, Europako Banku Zentralak (EBZ) euroguneko interes-tasa ofizialak igotzen hasteko erabakia hartu zuen, inflazioa kontrolpean mantentzea helburu.

Bistan denez, ez du helburua bete, eta mailegu gehienen kuotak kalkulatzeko erabiltzen den indizea 2008ko azaroko maximoetan da dagoeneko, inoizko igoerarik handiena eta azkarrena izan ondoren. EBZren oldarkortasunak ez du aurrekaririk, ekainaren 15ean "diruaren prezio" deiturikoa beste beste 0,25 puntu igotzea espero baita, %4raino. Urtebete baino gutxiagoan lau puntuko igoera osatzeak ere ez du aurrekaririk.

Gainera, kontuan izan behar da hilabeteotan berrikusten diren hipotekek, berez, igoera handia izan zutela 2022an. Iazko ekainean kuota eguneratu behar zuten %0,287ko Euriborrarekin, 2021eko ekainean zegoen %-0,481ko indizearen aldean. Zortzi hamarreneko hazkundea izan zuten, eta 2023 honetan beste buelta bat izan da.

Europako Banku Zentrala eta gainerako banku zentral handiak, Japoniako Bankua izan ezik, inflazioaren aurka borrokatzen ari dira bi frontetan: batetik, interes-tasa ofizialen igoerarekin (tresnarik ikusgarriena hipoteken eta gainerako maileguen garestitzean duten eraginagatik), eta, bestetik, merkatuetako zor publikoko bonuen (estatuenak) eta bonu korporatiboen (enpresenak) erosketak amaitzearekin, finantzaketaren kostuak handitzeko beste modu bat baita.

Ondorioak

Langile klasearen erosahalmenaren eta aurrezkien arpilatzea, estatuei gastu publikoa handitzeko zorpetzea eragoztea, enpresa askoren inbertsioa uzkurtzea eta, beraz, lan-indarra erosteko marjina kaltetzea... Ugariak dira Bruselaren maniobra finantzarioak dakartzan ondorioak, langile klasearen kontura eta banketxe handien mesederako betiere. Bankuek %43 handitu zituzten interesangatiko diru-sarrerak urtarriletik martxora, 2022ko lehen hiruhilekoaren aldean. Bistan denez, ugariak dira arrisku sozialak ere, baina moneta-politika zuzentzen duten erakundeek erabat onartu dituzte jada. Hainbat aldiz aitortu izan dutenez, ez dute beste tresnarik prezioen igoerari eusteko. 

EZ DAGO IRUZKINIK