Ostegun honetan, abenduaren 11n, Bilboko (Bizkaia) epaitegi batean deklaratu beharko du Ertzaintzako agente batek, joan den apirilean Iker Aranaren kontra tiro egiteagatik eta, zaurien ondorioz, barrabil bat galduarazteagatik. Eusko Jaurlaritzak, hasieran, ukatu egin zuen Arana Ertzaintzak zauritu zuenik, eta Bingen Zupiriak hilabete behar izan zuen gertakariak onartzeko. Hainbat hedabidek uztailean jakinarazi zuten, ustez, bilbotarraren kontra tiro egin zuen ertzaina identifikatu zuela Segurtasun Sailak, biktimak berak aurkeztutako dokumentazioari esker.
Orain, Arana foam jaurtigai batekin jo zuen ertzainak deklaratuko du lehenengo aldiz epailearen aurrean, eta biktimarekin elkartasunez, mobilizazio-deialdi bat egin du Justizia Aranarentzat plataformak. Eguerdiko 12:00etan Bilboko Buenos Aires kaleko 6. zenbakian elkarretaratzera deitu du, epaitegien aurrean hain zuzen ere, "Poliziaren inpunitatearen aurka" eta "protesta-eskubidearen alde".
Arana, zehazki, apirilaren 3an zauritu zuen Ertzaintzak Errekalde auzoan, Etxarri II Gaztetxearen desalojoan egindako karga bortitzetan. Egun horretan, hainbat pertsona atxilotu edo zauritu zituzten ertzainek, tartean Iker: foam bala bat jaurti zuten bere kontra eta mutilatu egin zuten. Poliziaren inpunitatearen eta abusuen aurka, uztailean aurkeztu zuten Justizia Aranarentzat plataforma zabala Bilbon, eta hainbat exijentzia egin zituzten bertatik: foam balak eta eskopetak debekatzea, polizien identifikagarritasuna bermatzea eta brigada mugikorraren desegitea, hala nola.