AKTUALITATEA / Errepresioa

Espetxeratu egin dituzte larunbatean Baionan atxilotutako lagunetatik bi

Bederatzi pertsona atxiki zituzten denera bizitzaren garestitzearen aurkako protestetan, eta Poliziari jaurtigailuak botatzea leporatu diete hainbati. Epaiketa atzeratu diete haietatik biri, eta kartzelaratu egin dituzte behin-behinean.
2026eko urriaren 20 - 09:50
Espetxeratu egin dituzte larunbatean Baionan atxilotutako lagunetatik bi
Protesta Baionan joan den igandean.

Aurreko larunbatean, bizitzaren garestitzea salatzeko mobilizazio erraldoiak izan ziren Frantziako Estatu osoan, eta Baionan (Lapurdi) ere milaka lagun atera ziren karriketara. Gauean konfrontazioak eta karga polizialak jazo ziren, eta gutxienez bederatzi pertsona atxiki zituzten. Bada, Berria-k jaso duenez, espetxeratu egin dituzte behin-behinean haietatik bi, eta beste biri kartzela-zigorra eman diete jada, gibelapenarekin izan arren.

Larunbatean atxikitako bederatzi lagunetatik zazpi hartu zituzten atxilo poliziek behin-behinean, antza denez, Poliziari jaurtigaiak botatzea eta "bortizkeria larriagotua" baliatzea egotzita. Baionako prokuradorearen arabera, atzo izan ziren haietako batzuen aurkako auzi-saioak. Bi pertsonak, dena den, epaiketa atzeratzeko eskatu zuten, eta kartzelara bidali dituzte bitartean.

Atzo auzi-saioak egin zizkieten pertsonetatik biri espetxe-zigorrak ezarri dizkiete jada, bost eta sei hilabetekoak hain justu. Hala ere, kondena horiek gibelatu dizkiete momentuz, hau da, ez dituzte zuzenean kartzelaratu: antzerako delituren bat berriz eginez gero, ordea, espetxera bidaliko dituzte, kondena betearaztera. Gainera, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko manifestazioetan parte hartzea debekatu diete biei, baita "armak" eramatea ere, Berria-ren esanetan.

Egunkari berean azaldu dutenez, larunbatean atxiloturiko beste bi pertsonari ostegunean egingo diete epaiketa, eta zazpigarren atxilotu baten inguruko informaziorik ez omen da ematen prokuradorearen idatzian.