AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Arantxa Tapia
2020/05/11 11:14

Gaur, maiatzak 11, deseskalatze prozesuaren lehenengo fasean sartu dira Espainiako Estatuko erkidego ugari, tartean, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Euskal Autonomia Erkidegoa. Dena den, duela bi egun jakinarazi zuten "neurri murriztaileagoak" ezarriko dituztela EAEn, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostuta.

Besteak beste, udalerritik ateratzea debekatu dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, "jarduera sozioekonomiko" zehatzerako ez bada, hala nola, lanera edo eskolara joateko. Atzo zehaztu zuten kirola edo erosketak egiteko irten ahalko dela herritik, baina ondoko herrietara soilik.

Bestalde, lehenengo faseak barne hartuko duen muga berri bat argitaratu dute gaur: terrazetan baino ezingo da elkartu. Espainiako Gobernuaren bide-orriaren arabera, fase honetan, gehienez hamar pertsona biltzeko aukera egongo da, baina EAEn mugatu egin dute neurri hori.

Eusko Jaurlaritzak berak gauerdian plazaratutako dekretuak ez du debeku berri hau jasotzen, eta gaur goizera arte ez dute horren berri eman. Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren esanetan, ezingo da etxeetan, elkarteetan, "txokoetan", plazetan edota bestelako "leku irekietan" taldean bildu, "baina bai terraza batean". Askotariko erakundeek (Osakidetzak, larrialdi-zerbitzuek...) aditzera eman dutenez, Ertzaintzak ezarritako irizpideak dira fase honetan jarraitu beharrekoak.

Eskumen partekatuak?

Printzipioz, bi aste iraungo du deseskalatze prozesuko lehenengo faseak, eta gutxienez ordura arte egongo dira indarrean neurriok. Jaurlaritzak duela bi egun adierazi zuen Espainiako Gobernuarekin hitzartutako mugak direla EAEn ezarritakoak, eta eskumena duela, esaterako, mugikortasunaren auzian esku hartzeko.

4/1981 Lege Organikoaren barruan, ondorengoa dio 7. artikuluak: "A los efectos del estado de alarma la Autoridad competente será el Gobierno o, por delegación de éste, el Presidente de la Comunidad Autónoma cuando la declaración afecte exclusivamente a todo o parte del territorio de una Comunidad".

Hortaz, artikulu horren arabera, Eusko Jaurlaritzak salbuespenezko eskumen horiek izateko, EAEn baino ez luke indarrean egon beharko alarma egoerak.