AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gasteizko Etxebizitza Sindikatua.
2020/05/27 10:41

Proletalgoaren babeserako tresnak osatzen jarraitzen du Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak: Etxeen Babes Sarea aurkeztu dute oraingoan. "Mobilizaziorako tresna bat" dela azaldu dute, "ahalik eta jende gehienak, eraso ezberdinen aurrean, azkar eta efektiboki erantzuteko". Izan ere, etxebizitza arloan ere proletalgoaren aurkako erasoak etengabeak direla oroitarazi du Etxebizitza Sindikatuak, besteak beste, etxe kaleratze legal eta ilegalak edo jabeen eta Poliziaren jazarpen eta mehatxuak. Ohartarazi dute datozen hilabeteetan areagotu egingo direla halako erasoak.

Halakoei aurre egiteko sortu dute Etxeen Babes Sarea. Sindikatuko kide den zein babesa emateko prest dagoen edozeinek har dezake parte. Horretarako, whatsapp kanal bat sortu dute, eta bertatik egingo dituzte deialdiak. "Eraso bat pairatzen dugunean, Sindikatuarekin harremanetan jarriko ginateke eta egoeraren balorazio bat egin ostean, whatsapp kanaletik deialdi edo eskaera zehatzak egingo dira". Sarearen parte izan eta "gaitasunen arabera" erantzuteko deia egin die langileei Etxebizitza Sindikatuak.

Datuen azterketa

Orain arte landutako kasuen berri ere eman zuen Etxebizitza Sindikatuak, datu horien azterketa bat eginez. Harremanetarako bidea ireki zutenetik, 105 kasu jaso dituzte, eta denera, 315 pertsona jarri dira harremanetan; batez beste hiru lagun egon ohi dira kasu bakoitzaren atzean. Haietatik, %85 emakumeak ziren, ia erdiek seme-alabak dituzte, eta %19 paperik gabeko atzerritarrak dira. Denetariko arazoak aipatu dituzte: oinarrizko gaiak eskuratzekoa (%17), laguntzak jasotzeko irizpideak ez betetzea (%58), inongo etxebizitza aukerarik ez izatea (%15)…

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuarekin harremanetan jartzeko, etxebizitzasindikatua@gmail.com e-mail helbidera idatzi daiteke.