AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/02 14:15

Ertzaintzak apirilaren 3an ekin zion Etxarri II Gaztetxearen desalojoari, Bilboko (Bizkaia) Errekalde auzoan. Desalojorako ezarrita zegoen egunaren bezperan, sarbide-kontrola ezarri zuen Poliziak Gaztetxean, eta hainbat aldiz kargatu zuen inguruetan, foam jaurtigaiak erabiliz besteak beste. Hainbat pertsona atxilotu eta zauritu zituzten ertzainek, tartean, Iker Arana: foam jaurtigai batekin jo zuen agente batek, eta barrabila galdu zuen horren ondorioz

Zenbait egunera egin zuten agerraldi bat Errekalden, ohartaraziz legezko ekintzak abiatuko zituztela erasoaren erantzuleen kontra: "Salaketak jarriko ditugu gertakariak argitu daitezen eta polizia-jarduera horren arduradunak epai daitezen, bai foam bala nahita jaurti zuen agentea, bai polizia-operatiboaren arduradunak".

Hasieran, Arana Ertzaintzak zauritu izana ukatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak hilabete beranduago aitortu zuen bilbotarra foam jaurtigai batekin jo zuela Ertzaintzak, eta ez zegoela istilurik tokian une horretan.

Radio Euskadi-k atzo gauean jakinarazi zuenez, ustez bere kontra tiro egin zuen agentea identifikatu du Segurtasun Sailak. Itxura denez, biktimak berak aurkeztutako dokumentazioari esker argitu ahal izan dute ertzain horren nortasuna; eta, kontrara, badirudi Ertzaintzak aurkeztu nahi izan zuen materiala ez dela baliagarria izan horretarako. 35 agentek bodycam-en bidez grabatutakoak ziren Ertzaintzak ikerketarako emandako grabazioak.

Zupiriak berak maiatzean onartu zuen "irismen laburreko foam jaurtigai batek" kolpatu zuela Arana, eta "40 milimetroko jaurtigailu bat" erabili zutela bere kontra. Horrek, teorian, mugatu egiten zuen gaztea zauritzeko aukera izan zuten agenteen kopurua.

EZ DAGO IRUZKINIK