AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Twitterretik hartutakoa
2024/03/05 10:17

Joan den larunbatean, Espainiako Falangeak ekitaldi politiko bat egin zuen Madrilgo Goya Antzoki ezagunean. Izan ere, 90 urte bete dira Falangeak eta Ofentsiba Nazionalsindikalistarako Batzarrek (JONS, gaztelerazko sigletan) bat egin zutenetik, eta urteurrena ospatu dute faxistek.

Domina batzuk banatuko zituztela esanez alokatu omen zuen antzokia faxistetako batek, martxoaren 2rako. Público egunkariak azaldu du, dena den, ekitaldi faxistaren berri izan bezain pronto jarri zela harremanetan antzokiko arduradunekin, gaiari buruz galdetzeko. Zuzendaritzak esan zuen ez zuela ekitaldiaren izaeraren berri; baina, dena den, erantsi zuen "legezko alderdi bat" dela Falangea.

Público-k aurreko ostiralean atera zuen argitara falangistek mitin bat egingo zutela Goyan. Hala ere, agintaritza edo gobernu batek berak ere ez zuen esku hartu. Gerora, itxurak egin behar izan ditu Espainiako Gobernuak: plazaratu dute larunbateko ekitaldia ikertzen ari direla orain, antza, Memoria Demokratikorako Legea urratu zelakoan.

Hala, larunbatean, eguerdian ireki zituzten antzokiko ateak faxistentzat. Frantziako Estatuko, Portugalgo nahiz Italiako faxistek ere hartu omen zuten parte ekitaldian, eta, besteak beste, Guardia Zaharreko Anaitasuna omendu zuten; jardunean jarraitzen duen talde falangista apurretako bat.

Patria, justicia, revolución

Hainbat irudi proiektatu zituzten mitinean: Memoria Demokratikorako Legearen kontrako protestetakoak, lehen sektorean izan diren azken mobilizazioetakoak (bandera falangista zeramaten hainbat traktore erakutsi zituzten), "gobernu progresistaren" aurkako protestetakoak, eta abar.

"Hemen gaude falangistak 1934ko martxoaren 4 hura gogoratzen, ozen esateko banderak altxatuta jarraitzen duela. Bigarren errepublika negargarri eta gerrazibilzale hartan Falangearen agerpena beharrezkoa izan bazen, falangistok duintasunaren bandera altxatzen jarraituko dugula esaten jarraitzen dugu, eta esaten segituko dugu", esan zuen Manuel Andrino Falangeko buruak. "Falangistak hemen gaude esateko gure helburu nagusia beti izan dela bera: Konstituzioa hartzea, indargabetzea eta birringailura nahiz zaborrontzi madarikatura sartzea", gaineratu zuen.

Inpunitate osoz esan zuen "Falangeko lehen lerroa" omentzen eta oroitzen jarraituko dutela; "lehengoa nahiz oraingoa". Ohiko aldarriekin amaitu zuten ekitaldia: "Arriba España" oihuak, agur faxista, Cara al sol abestia... "Aberria, justizia eta iraultza" ("Patria, justicia y revolución") ere aldarrikatu zituzten.

EZ DAGO IRUZKINIK