AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Dani Gallardo, Kataluniako TV3 telebistan. ARGAZKIA / TV3
2023/06/02 11:58
2019ko urriaren 16an atxilotu zuten Dani Gallardo, Kataluniako procés-aren epaia argitaratu eta bi egunera. 22 urte zituen une hartan, eta, poliziaren esanetan, epai hori gaitzesteko manifestazio batean izan zen Madrilgo erdigunean. Polizien arabera, bertan parte hartu zuen Gallardok, eta ondoren "agenteei eraso egin zien". Atxilotu zuten unetik espetxeratu zuten Alcala Meco espetxean, egozten dizkioten delituak legearen barruan larrienen artean kokatzen ez dituzten arren. Polizia-agente bati lesio arinak eragitea leporatzen diote, zehazki. Bere kontra aurkeztutako froga bakarrak agenteen testigantzak izan dira.

Presoak Espainiako Estatuan errotuta dagoela egiaztatu du, eta leporatzen dizkioten delituak "arinak" direla esan daiteke. Bada, hala ere, behin-behineko espetxealdia ezarri diote hainbat hilabetez. "Badirudi faktore politikoek pisu handiagoa izan dutela juridikoek baino, eta agerian utzi dute Kataluniako independentismoarekiko elkartasuna zigortuta dagoela", ondorioztatu dute haren ingurukoek.

2020ko azaroaren 6an eta 17an, gazte cadiztar horren aurkako epaiketa egin zen Madrilgo Probintzia Auzitegiko 23. atalean. Fiskaltzak sei urteko espetxe-zigorra eskatu zuen beretzat. Gallardok ukatu egin zuen manifestaziora joan izana, eta adierazi zuen atxilotu baino pixka bat lehenago gurutzatu zela manifestazioarekin. Epaiketa egin ondoren, Probintzia Auzitegiak aske utzi zuen, eta etxean dago ordutik. Bi hilabete geroago, abenduaren 16an, auzitegiak bere epaia argitaratu zuen: lau urte eta sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zion, atentatu-delitu bat, desordena-delitu bat eta lesio-delitu arin bat egotzita. Todo por hacer agerkari libertarioak herenegun jakinarazi zuenez, Espainiako Auzitegi Gorenak epaia berretsi du.

Ebazpena ez da guztiz irmoa oraindik, apelazio-helegitea aurkez baitaiteke Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor Arloko Aretoan. Hala ere, Auzitegi Gorenaren berrikuspen-tartea nahiko txikia izaten da: epaileak ezin du froga pertsonala, hau da, agenteen eta gainerako akusatuen lekukoen testigantza berrikusi, Probintzia Auzitegiak egindako interpretazioa erabat irrazionala dela zehazten ez badu behintzat. Horregatik, nahiko zaila da epaia atzera bota eta absoluzioa ematea. Asko jota, Auzitegi Nagusiak zigorrak berrikusi eta arindu egin ditzake.

EZ DAGO IRUZKINIK