AKTUALITATEA / Erreformak
Erretiro-adina 72 urtera arte atzeratzea proposatu du Espainiako Enpresaburuen Zirkuluak
Zirkuluko presidenteak esan du "ezinezkoa" dela "sistema sostengatzea bizitza laborala 68 edo 72 urtera arte luzatu gabe". Bitartean, pentsio erreformaren bigarren atala lantzen jarraitzen du Espainiako Gobernuak, Bruselaren presiopean.
2023eko martxoaren 9
Erretiro-adina 72 urtera arte atzeratzea proposatu du Espainiako Enpresaburuen Zirkuluak
— ARGAZKIA Dirigentes Digital

La Caixa Fundazioak berriki antolatutako solasaldi batean, pentsio sistema izan du hizpide Espainiako Enpresaburuen Zirkuluko presidenteak, Manuel Perez-Salak. "Pentsioen sistema esku txarrenetatik igarotzen ari da", kexatu da Espainiako Gobernua seinalatuta. Sistemaren bideragarritasuna zalantzan jarri du, eta esan du "ezinezkoa" dela hura "sostengatzea" beharginen bizitza laborala 72 urtera arte luzatu gabe.

"Badakit entzuten gogorra dela, baina ezinezkoa da sistemari eustea erretiro-adina 68 edo 72 urtera atzeratu gabe", aldarrikatu du Perez-Salak. "Edo adin horietan erretiratzen gara, edo ez dugu lortuko gure pentsio betebeharrei erantzutea", dio. Ez da halako baieztapenak egiten dituen aurreneko aldia: 2021ean ere berdina adierazi zuen El Mundo egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.

Berriki hitza hartzean, gainera, xehatu du "noiz erretiratuko den aukeratzeko aukera eman" behar zaiola "hiritar orori"; baina "zigor arin bat" jarrita finkatutako adinera heldu aurretik erretiroa hartzen dutenei, eta "igoera arin bat" eskainita, kontrara, adin horretara iritsi arren lanean jarraitzen dutenei.

Pentsio erreforma, aurrera

Espainiako Gobernuak, bitartean, aurrera jarraitzen du pentsio erreformaren bigarren atalarekin. PSOEren eta Unidas Podemosen gobernua Next Generation Europar Funtsekin zorpetu ondoren, Bruselaren aginduak jarraitu eta bete ditu erreformaren bigarren blokean ere.

Pentsioak kalkulatzeko orduan kontuan izango den kotizazio-denbora luzatzea da mahai gainean dagoen neurri polemikoenetariko bat, kalkulurako epe hori 25 urtetik 30 urtera atzeratzea nahi baitute, pentsiorik baxuenen zenbatekoa are gehiago jaitsiaraziz.