AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Arabako Alea
2024/03/06 11:04

Ertzaintzak Tolosako (Gipuzkoa) Inauterietan egindako erasoei buruz Josu Erkorekak egindako azken adierazpenek hautsak harrotu dituzte. Zaldunita gauean, Inauteriak ospatzen ari zen jendetzaren kontra kargatu eta hiru gazte zauritu zituen Ertzaintzak, foam jaurtigaiak erabilita. Horietako bat, 16 urteko villabonar bat, begian zauritu zuen Poliziak. Bada, honakoa da Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak esan duen azkena, Ertzaintzaren oldarraldia justifikatzeko: gau horretan kalean izan ziren ustezko "istiluetan parte hartu" omen zuen Poliziak begian zauritutako gazteak.

"Ondorio nagusia da zauritutako pertsona ez zegoela han kasualitatez; ez zegoela paseatzen, [...] ez zegoela istiluak ikusi eta alde egiten. Istiluen barruan zegoen", esan du Erkorekak. Bestalde, sailburuak behin eta berriz baieztatu du Ertzaintzak ez zuela zuzenean tiro egin gazte villabonarraren kontra: foam jaurtigai batek "zeharka" jo omen zuen mutila, beste pertsona bati besoan jo eta "errebotatu" ondoren.

Foam jaurtigaien zehaztasuna: Katalunia

Poliziak berak toki ugaritan emandako azalpenek, ordea, gezurtatu egiten dute Erkorekaren eta polizia-iturrien bertsioa. Esanguratsuak dira Katalunian ezarritako neurrien harira emandako azalpenak. 2014ko apiriletik, Kataluniako mossoek debekatuta daukate gomazko pilotak erabiltzea. Kataluniako Parlamentuak hartu zuen neurria, hain zuzen ere, 2012an Esther Quintana bartzelonarrak begia galdu ostean, Poliziak gomazko pilota batekin jo eta gero. Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari ez zieten debeku hori ezarri, baina bai polizia-indar autonomikoari. Hori dela-eta, foam jaurtigaiak erabiltzeari ekin zioten mossoek.

Espainiako Gobernuak 2019an argitaratutako artikulu baten arabera, Poliziak berak azaldu zuen orduan "zehatzagoak" direla foam jaurtigaiak eta ez dutela "errebotatzen": "Horregatik, ez dira arriskutsuak herritarrentzat". Kataluniako Polizia autonomikoak, dena den, askoz ere lehenago eskuratu zituen foam jaurtigaiak: 2011n erosi zituen, Erregearen Kopako final baten harira.

Kataluniako gertakariek eta neurriek sona hartzean azaldu zutenez, 40 milimetroko diametroa daukate foam jaurtigaiek, eta material biskoelastikoarekin daude eginda. Berezitasun modura azpimarratu zuten jaurtigai horien zehaztasuna. Hala jaso zuen Diario-k 2021ean, esaterako: "Zehastasunezko jaurtigai bat denez, eragiten dituen lesioak zuzeneko inpaktu baten ondoriozkoak dira, eta ez kontrolik gabeko errebote baten ondoriozkoak".

Beste askoren artean, 2021eko otsailean, foam jaurtigai batek jota galdu zuen begi bat pertsona batek: Bartzelonan eraso zioten mossoek, Pablo Haselen espetxeratzearen kontrako protestetan. Garai hartan, hala ohartarazi zuen zaurituaren abokatuak: "Nabarmena da foam jaurtigai bat izan dela. Apuntatzen den tokian inpaktatzen duen jaurtigai mota bat da".

Berdin-berdin hilgarriak

Ertzaintzak 2012an erail zuen IƱigo Cabacas, Bilbon (Bizkaia), pilotakada batez. 2014ko urtarrilean, pilotak jaurtitzeko eskopeten erabilera mugatu zuten Euskal Autonomia Erkidegoan: teorian, Brigada Mugikorreko unitate espezializatuek baino ezin dituzte erabili, eta "salbuespen-egoeretan" soilik. Ertzaintzak, hortaz, gomazko pilotak erabiltzen jarrai dezake: joan den igandean bertan, Gasteizko (Araba) sarraskian eraildako langileak oroitzen ari ziren manifestarien kontra oldartu ziren ertzainak, eta gomazko pilotak nahiz foam jaurtigaiak erabili zituzten euren kontra.

Cabacasen erailketaren ondoren, dena den, foam jaurtigaien erabilera zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzak. Agintaritzek eta polizia-iturriek hainbatetan ulertarazi izan dute foam jaurtigaiak ez direla hain "kaltegarriak". Baina errealitatetik urrun dago hori, eta arma horien bidez zauritutako hamaika lagunen kasuek argi erakusten dute; hala nola, Tolosan gertaturikoak.

Tecnaliak berriki egin du txosten bat foam jaurtigaiei buruz, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eskatuta. Berria-k jaso ditu ondorioetako batzuk: SIRX motako foam jaurtigaiak hilgarriak izan daitezke, hamar metro baino gertuagotik botaz gero. "Teknikariek txosten horretan azaldu zuten oso zaila dela horrelako armen arriskua neurtzea", gaineratu zuten egunkarian. Teknikari horien zenbait hitz ere jaso zituzten: "Hain hilgarriak ez diren jaurtigaiek kalte larri edo hilgarriak eragin ditzakete gorputzaren zenbait ataletan joz gero; buruan, esaterako".

EZ DAGO IRUZKINIK