Aurreko ostegunean, Gasteizko Buesa Arena saskibaloi-estadioan, Baskoniako Rodions Kurucs jokalariaren aldeko keinu bat egin zuten hainbat ikuslek partidako 7. minutuan: euren eserlekuetatik jaiki eta txaloka hasi ziren, Kurucsekin elkartasunez. Hark ere txaloz hartu zituen pertsona horiek. Kirolari letoniarrari babesa emateko arrazoia, ordea, 2019an bere bikotekideari eraso egin izanaren harira jendartean egon den erantzuna eta sortutako haserrea da.
Argitara ateratako informazioen arabera, 2019ko udan, bikotekideari lepotik heldu eta bera itotzen saiatu zen Kurucs, AEBetan zeudela. Kolpeak eman eta hozka egin ziola ere jaso dute. Atxilotu egin zuten eraso horregatik, baina AEBetako legedian genero-indarkeria ez dagoenez juridikoki kategorizatuta ere, fiskaltzarekin akordio bat lortu zuen erasotzaileak: urruntze-agindu bat ezarri zioten eta hamasei hilabeteko programa batean parte hartu behar izan zuen. Gasteizko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak gogorarazi duenez, baina, "normaltasun osoz" jarraitu ahal izan zuen goi-mailako saskibaloian jokatzen.
Itaiak gogor kritikatu du ostegunean Buesa Arenan gertatutakoa: "Zer mezu ari gara bidaltzen zaletuek erasotzaile bat txalotzen dutenean? Txaloak ez ziren taldeari egindako ekarpenaren ondorio, baizik eta bera pertsonalki babesteko egin ziren. Horra hor erasotzaileen inpunitatea". Kurucsen harrokeriazko hitzak ekarri dituzte gogora, gainera, hala adierazi baitzuen prentsaurrean: "Jarraitu hitz egiten; Buesan gutxienez beste bi urtez ikusi beharko nauzue".
Futbolari lotutako beste kasu bat
Aurreko astean bertan, Bilbon ere hautsak harrotu zituen goi-mailako futbolarekin eta, zehazki, Athleticeko jokalari batekin zerikusia duen beste kasu larri batek. Izan ere, jakin zen oraintsu hamalau urteko espetxe-zigorra jarri dietela bi gizoni 2024ko udan neska bat bortxatzeagatik, eta erasotzaileetako batek harreman estua duela Nico Williams futbolariarekin. Are: sareetan zabaldutako hainbat informaziotan seinalatu dute Williams bortxatzailearekin zegoela erasoa izan zen gauean.
Honakoa "futbolariekin loturiko beste eraso bat" eta "isilarazten saiatu diren beste eraso bat" dela salatu du Bilboko Itaiak. "Ez dugu onartuko beren botere-posizioagatik inpunitate handiagoa izatea emakumeok objektu gisa tratatzeko eta deshumanizatzeko".
Goi-mailako kirola ez da salbuespena
"Gertakari hauek erasotzaileen inpunitatearen adibide argia dira, eta kirolaren eremua ez da salbuespena", azaldu dute Gasteizko Itaiako kideek: "Sarri gertatzen da emakumeon aurkako indarkeria egikaritu duten kirolariek lan-ibilbidearekin normaltasun osoz jarraitzea". Kezkaz hitz egin dute neurri falta horri buruz eta erasotzaileek jaso dezaketen babesari buruz, Buesa Arenan ikusi zen modura. "Mezu oso arriskutsutzat" jo dute, seinalatuz "kirolari baten errendimenduak edo jokaldiek ez dutela aitzakiarik ematen muga moralik gabe jarduteko".
"Bitartean gu gara kalean seinalatuak garenak; gure hitza da zalantzan jartzen dutena, eta gu gara hirietatik desagertu behar garenak", ohartarazi du Bilboko Itaiak.
"Beste alde batera begiratzea ez da aukera bat. Indarkeria matxistaren aurrean posizionatzeko momentua da, konplizeak seinalatuz eta erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatuz", aldarrikatu dute Bilboko Itaiatik. "Kirolean zein bizitzako esparru guztietan, egunerokoan eta Martxoaren 8an, estadioa zein kaleak matxismoaren aurkako oihuz bete behar ditugu", gaineratu dute Gasteizko kideek.